Politika -

Memoria

EH Bilduren udalek desaktibatu egin dituzte oroimen webguneak, Aranzadik eskatuta

Tolosako eta Erandioko udalek (EAJren esku daude) ere duela egun batzuk desaktibatu zituzten memoria datu-baseetako bilatzaileak, ETAko kideak urraketen biktima gisa agertzeagatik piztutako polemikaren ostean.

Galdakao Oroimena webgunea, itxita
Galdakao Oroimena webgunea, itxita
Galdakao Oroimena webgunea, itxita

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduren esku dauden udalek (Galdakao eta Hernani, kasu) itxi egin dituzte oroimen webguneak, ETAko kideak urraketen biktima gisa agertzeagatik piztutako polemikaren ostean.

"Aranzadik egindako lan zientifikoa behin-behinean ez da eskuragarri izango, zientzia elkarteak hala eskatuta", irakur daiteke une honetan webguneotan. 

Larunbatean eta astelehenean, Erandioko eta Tolosako udalek ere (EAJk gobernatzen du herri horietan) desaktibatu zituzten oroimen webguneen bilatzaileak.

Hasieran, polemika Galdakaon piztu zen, asteartean. Izan ere, PSE-EEren udal taldeak Galdakao Oroimena udal webgunetik ETAko kideen izenak kentzea eskatu zion udal gobernuari (EH Bildu, Azoak, Usansolo Herria eta Podemos), "giza eskubideen urraketen biktima gisa" agertzen direlako.

Besteak beste, Xabier Garcia Gaztelu Txapote ETAko buruzagi ohia ageri zen Galdakaoko udal zerrendan, biktima gisa, "espetxe-politika eta salbuespenezko legeen aplikazioa" kategorian.

Nolanahi ere, ondoren Covitek salatu zuen herri gehiagoren oroimen webguneetan ageri zirela ETAko kideak biktima gisa, eta honakoak aipatu zituen: Villabona, Oiartzun, Hernani, Azpeitia, Tolosa eta Orio.

Joan den astean, EAJk Erandioko eta Tolosako bilatzaileak desaktibatzea eskatu zion Aranzadiri, datu-baseok sortu zituen zientzia elkarteari, ETAko kideak biktima gisa agertzea ahalbidetzen zuten irizpideak zuzendu arte, "ez delako gauza bera giza eskubideetako urraketen biktima edo espetxe politika bidegabeena izatea".

Aranzadi bera webguneetan aldaketak egiteko prest agertu zen, betiere eragile politikoek eta sozialek "beharrezkotzat" jotzen badute.

Orain, EH Bilduren udalek desaktibatu dituzte webgune osoak, ez bakarrik bilatzaileak, "zientzia elkarteak hala eskatuta".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Galdakao Eguneko albisteak Albisteak Memoria Historikoa Aranzadi Zientzia Elkartea