Politika -
Bizkaiko udalerri berria
Usansolo gobernatuko duen batzorde kudeatzailea maiatzaren 4an eratuko dute
Aldundiak batzordea izendatu du 2019ko hauteskundeetako emaitzak oinarri hartuta: 11 kideetatik 8 Usansolo Herria plataformakoak dira, eta 3, EAJkoak. Dena dela, M28aren ostean, aldaketak egon litezke banaketan. Gainera, Estatuko Abokatutzak desanexioaren aurka aurkeztutako helegitea ebazteko dago.
EITB Media
Bizkaiko 113. herri gisa, Usansoloko Udala gobernatuko duen batzorde kudeatzailea maiatzaren 4an eratuko dute. Bizkaiko Foru Aldundiak gaur izendatu du batzorde hori, gobernu bileran.
Foru erakundeak ohar bidez jakinarazi duenez, 11 kidek osatuko dute batzordea: 8 Usansolo Herria (UH) plataformakoak izango dira, eta beste 3ak, EAJkoak. Banaketa 2029ko udal hauteskundeen emaitzen arabera zehaztu du Aldundiak, Hauteskunde Batzorde Zentralak hala ebatzita. Dena dela, Aldundiak adierazi du maiatzaren 28ko bozen ondotik banaketa hori alda daitekeela.
Izan ere, datozen udal bozetan Galdakaoko Udaleko ordezkariak aukeratu beharko dituzte usansolotarrek. Usansolo ez dago tokian tokiko erakundeen erregistroan izena emanda, eta oraindik ez du errolda propiorik. Horregatik ebatzi zuen Hauteskunde Batzorde Zentralak 2019ko emaitzak kontuan hartzea.
Behin batzordea eratuta, erakundeak 30 egun izango ditu tokian tokiko erakundeen erregistroan izena ematea eskatzeko. Onartuko baliote, Hauteskunde Batzordeak M28ko emaitzen araberako banaketa zehaztu beharko luke.
Bizkaiko Batzar Nagusiek iazko azaroan onartu zuten Galdakaoko Udalak Usansolo udalerri independente bihurtzeko egindako eskaera, eta Bizkaiko 113. udalerri bihurtu zen ordura arte Galdakaoko auzo izandakoa. Estatuko Abokatutzak erabakiaren kontrako helegitea aurkeztu zuen EAEko Auzitegi Nagusian, Usansolok Estatuko araudiak ezarritako biztanle kopurua baino gutxiago duela argudiatuta —5.000 eskatzen ditu legeak, baina Usansolok 4.500 pasatxo ditu—. Auzitegiak ez zuen onartu erabakia behin-behinean baliogabetzea, baina auzia zabalik dago oraindik.
Aldundiak oharrean nabarmendu duenez, gaurko izapidearekin, "espedientea garaiz eta behar bezala" tramitatu du foru erakundeak, "Bizkaiko Batzar Nagusien agindua betez".