Politika -

Frantziako Tourra

EH Bilduk eta EH Baik Tourreko etapetan Euskal Herriaren existentzia aldarrikatzeko deia egin dute

Unai Urruzuno EH Bilduko bozeramaileak eta Mathilde Hary EH Baiko ordezkariak agerraldia egin dute Hendaian (Lapurdi) testu bateratu bat irakurtzeko.

Mathilde Hary EH Baiko ordezkari Hendaian (Lapurdi). Irudia: EH Bai
Mathilde Hary EH Baiko ordezkari Hendaian (Lapurdi). Irudia: EH Bai
Mathilde Hary EH Baiko ordezkari Hendaian (Lapurdi). Irudia: EH Bai

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk eta EH Baik datozen egunetan Frantziako Tourra zeharkatuko duten errepideen ondoan jartzeko deia egin diete herritarrei, "etorkizuna erabaki nahi duen Euskal Herriaren existentzia" aldarrikatzeko, "euren telebistetan ikusten ari direna Euskal Herria dela eta ez garela ez espainiarrak ez frantziarrak" erakusteko.

EH Bilduko bozeramaile Unai Urruzunok eta EH Baiko ordezkari Mathilde Haryk agerraldia egin dute gaur Hendaian (Lapurdi) testu bateratu bat irakurtzeko. Testu horretan gogorarazi dutenez, datorren larunbatetik astelehenera bitartean, "Euskal Herriko errepideak munduko kirol eta gizarte ekitaldi jarraituenetako baten lekuko izango dira".

Hala, Tourra "kirol ikuskizun hutsa baino gehiago" dela esan dute, eta euskal zaleak urteetan zehar "Pirinioetara munduko txirrindularitza onena ikustera, gure txirrindulariak eta gainerako txirrindulariak animatzera" joaten direla nabarmendu dute. "Baina herri bat ere ordezkatu dute, Euskal Herria. Urtez urte Tourrean errepikatzen diren irudiak ikustea besterik ez dago ", gaineratu dute.

Urruzunok eta Haryk adierazi dutenez, "aukera paregabea da munduari erakusteko hemen bi estatutan banatutako herri bat dagoela, ez garela ez frantsesak ez espainiarrak, euskaldunak garela, Euskal Herrikoak".

"Erakusleiho handi bat ireki zaigu Tourra jarraituko duten milioika pertsonari adierazteko hemen herri bat dagoela bere kultura eta hizkuntza propioarekin, aukera bat munduari esateko hemen herri bat dagoela, Euskal Herria, bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki nahi duena", azpimarratu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Txirrindularitza Frantziako Tourra Politika Euskal Autonomia Erkidegoa Hendaia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Lapurdi