Politika -
Udalen osaketa
EAJk eta PSE-EEk gobernu ituna itxi dute Donostian, osoko bilkuran gehiengo osoa lortuta
Udal talde bakoitzeko arduradun nagusiek astearte honetan bertan jakinaraziko dituzte akordioaren xehetasunak.
Agentziak | EITB Media
EAJren eta PSE-EEren udal taldeek koalizio gobernua osatzeko akordioa lortu dute Donostiako Udalean, eta osoko bilkuraren gehiengo osoa izango dute horrela.
Donostiako Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, maiatzaren 28ko hauteskundeen ostean irekitako negoziazioetan lortutako itunak "egonkortasuna" eskainiko dio udal gobernuari legegintzaldi honetarako.
Koalizioak EAJko bederatzi zinegotzien eta PSE-EEko bosten babesa izango du, eta horrek osoko bilkuraren gehiengo osoa bermatuko dio, iturriak gogorarazi duenez.
Bi alderdiek dokumentu batean jaso dute gobernu akordioa, eta udal talde bakoitzeko arduradun nagusiek astearte honetan bertan jakinaraziko dituzte xehetasunak.
EAJk eta PSE-EEk koalizioan gobernatuko dituzte berriro ere Gipuzkoako erakunde nagusiak, hala nola Gipuzkoako Foru Aldundia, Eider Mendoza buru duela, eta Donostiako Udala, Eneko Goiaren zuzendaritzapean.