Politika -

MEMORIA HISTORIKOA

Memoria-leku izendapena Gernika-Lumo osora zabaltzea onartu du Espainiako Gobernuak

Hasiera batean, Batzar Etxea bakarrik izendatu zuten Gernikako bonbardaketaren memoria-leku. Erabaki horrek hainbat erakunderen ezinegona eragin zuen, eta berehala aurkeztu zituzten alegazioak, izendapena 1937ko bonbardaketak suntsitutako herriko toki gehiagotara zabaltzeko eskatuz.

Gernika-Lumo, bonbardaketaren ondoren. Argazkia: Gernikako Bakearen Museoa
Gernika-Lumo, bonbardaketaren ondoren. Argazkia: Gernikako Bakearen Museoa
Espainiako Gobernuak "oroimen-leku" Gernika osoa izendatzea erabaki du, eta ez soilik Batzar Etxea

01:48

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gernika-Lumo herri eremu osora zabaldu du memoria-leku izendapena Espainiako Gobernuak, 1937an biztanleria zibilaren kontra egindako sarraskia dela eta. Horrela, apirilean publikatutako espedientea moldatu egin du Memoria Demokratikoaren Zuzendaritza Nagusiak, hainbat euskal erakundek aurkeztutako alegazioak aintzat hartuta. Izan ere, hasierako txostenean Gernikako Batzar Etxea bakarrik izendatu zuten memoria-leku, eta ez herria bere osotasunean. Erabakiak harridura eta ezinegona eragin zuen memoriaren alorrean lanean ari diren EAEko erakundeen artean.

Hala, Gernika-Lumoko Udalak, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak eta EHUk izendapena zuzentzeko eskatu zuten, horretarako argudioak jasotzen zituzten txosten teknikoak aurkeztuta, eta gaur jakin da alegazioak onartu egin dituela Memoria Demokratikoaren Zuzendaritzak. "Memoria demokratikoaren tokiaren ofiziozko izendapen espedientearen edukia aldatzea erabaki da, hori Gernika-Lumoko herri-espaziora zabaltzeko", dio espediente berriak.

Azken erabaki horrekin, besteak beste, Iruñetik gertu dagoen Ezkabako gotorlekuak (frankismo garaian preso errepublikanoen kartzela izandakoa) eta Donostiako Cumbre jauregiak (Lasa eta Zabala torturatu zituzten lekua) osatzen duten memoria-guneen mapara batuko da Gernika-Lumo herria.

Memoria Demokratikoaren Legeak, beste hainbat neurriren artean, herritarren kontrako "errepresioarekin eta indarkeriarekin" harremana duten garrantzi bereziko lekuen inbentarioa osatzea aurreikusten du. Asmoa da lekuon garrantziaren berri ematea eta memoria historikoa aldarrikatzea; gainera, funtzio didaktikoa emango diete toki horiei. Nafarroako eta Gipuzkoako aipatutako horiez gain, Cuelgamuros harana eta Salamancako Memoria Historikoaren Dokumentazio Zentroa daude erregistro horretan. 

Araudi berriaren arabera, 1936ko estatu kolpearen, Gerra Zibilaren, diktadura frankistaren edota erbestearen ondorioz "herritarren kontrako errepresio edo indarkeriaren gune izan diren lekuak, eraikinak, paisaiak edota kultur ondasun ez-materialak izango dira memoria demokratikoaren lekuak". Tokiok "balio demokratikoak berreskuratu eta horietan sakontzeko" gako izango dira.

Pozik hartu du berria Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak. Horren hitzetan, "egokia eta positiboa" da "euskal erakundeen alegazioak kontuan hartu" eta Gernika-Lumo bere osotasunean memoria-leku izendatzea, "euskaldunontzat hala baita aspalditik". Espainiako Gobernuari elkarlana eskatu dio, memoria demokratikoan sakontzeko.

Gernika-Lumo memoria-toki izendatzea pozik hartu du Gogorak, eta elkarlanerako deia egin dio Espainiari
Gernika-Lumo memoria-toki izendatzea pozik hartu du Gogorak, eta elkarlanerako deia egin dio Espainiari
Gernika-Lumo memoria-toki izendatzea pozik hartu du Gogorak, eta elkarlanerako deia egin dio Espainiari

0:46
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gernikako bonbardaketa Politika Eusko Jaurlaritza EHU Espainiako Gobernua Gernika-Lumo Eguneko albisteak Albisteak Gogora