Politika -

Nafarroako gobernua

Amaitu da Chiviteren inbestidura babesten ote duen erabakitzeko Geroa Baik egin duen bilera

Amaieran, koalizioko ordezkariek ez dute adierazpenik egin nahi izan. Azken proposamena onartuz gero, baliteke PSNrekin eta Zurekin Nafarroarekin arratsaldean biltzea. Ondoren, Hualdek bilera sorta berri bat egin beharko luke eta inbestidura saioa deitu, gutxienez hiru egun lehenago.

Pablo Azcona eta Maria Solana, aste honetan egindako agerraldi batean. Argazkia: Efe
Pablo Azcona eta Maria Solana, aste honetan egindako agerraldi batean
Pablo Azcona eta Maria Solana, aste honetan egindako agerraldi batean. Argazkia: Efe

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Geroa Baik gaur hartuko du erabakia PSNk ostegunean gobernu akordioari buruz egindako azken proposamenaren inguruan, Maria Chivite Nafarroako sozialisten hautagai eta Nafarroako jarduneko presidentearen inbestidura bermatzeko. Bilera amaitu bada ere, koalizioa osatzen duten aldeek ez dute adierazpenik egin nahi izan, eta, hortaz, ez dute erabakia publiko egin.

Batzorde Iraunkorra 10:00etan elkartu da, eta bilera uste baino gehiago luzatu da. Hauek osatzen dute Barkos buru duen koalizioa: Geroa Sozialberdeak, EAJ, Atarrabia Taldea eta Zabaltzen.

Koalizioa osatzen duten bi aldeek ez dute akordiorik lortu azken egunotan, eta, hori dela eta, oraindik ez dute erabaki zer egin duela hiru egun mahai gainean duten proposamenarekin. 

Chiviteren inbestidura babesteko proposamena onartzen badute, bigarren bilera bat egingo dute, PSNrekin eta Zurekin Nafarroarekin batera, eta espero da arratsaldean izatea, akordioaren xehetasunak zehazteko, koalizioak ahalik eta arinen egin nahi duelako; izan ere, erlojuak aurrera egiten jarraitzen du eta epea agortzen ari da. 

Proposamena onartuz gero, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak beste bilera sorta bat egin beharko luke alderdi politikoen ordezkariekin, eta inbestidura saioa deitu beharko luke.

Horrela, epea ia agortuko lukete, Nafarroako Parlamentua osatzeko hauteskundeak maiatzaren 28an egin zirelako; izan ere, hiru hilabeteko epea dago Gobernuaren presidentea aukeratzeko. Hautagairik egon ezean, edo aurkeztutako inork babes nahikorik lortu ezean, Parlamentua desegin eta hauteskundeak deitu beharko lituzkete berriro.

Geroa Baik, PSNk eta Zurekin Nafarroak bilera izan zuten ostegunean, eta PSNk hasierako proposamena moldatu zuen bertan, Gero Baik gaur-gaurkoz duen departamentu kopurua mantenduz, baina Etxebizitzaren ordez Osasun Kontseilaritza eskainita. 

Hala, Geroa Baik proposamena onartuko balu, Landa Garapen eta Ingurumen Kontseilaritza, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Kontseilaritza, Herritarrekiko Harremanetako Kontseilaritza eta Osasun Kontseilaritza kudeatuko lituzke.

Foru hauteskundeen emaitzak kontuan hartuta, bigarren bozketan aukeratuko lukete Chivite. Lehen bozketan gehiengo osoa behar da (26 boto), baina bigarrenean nahikoa da gehiengo soila. Hala, eskuineko blokeak (UPN+PP+Vox) dituen 20 eserlekuak baino boto bat gehiago eskuratu behar ditu bloke aurrerakoiak. EH Bilduk baiezkoaren alde egingo balu, 23 boto jasoko lituzke Chivitek: PSNrenak (11), Zurekin Nafarroarenak (3) eta EH Bildurenak (9). Dena dela, Geroa Bairen (7) abstentzioa ere behar du. Uxue Barkosen koalizioak esana du ez duela gobernu aurrerakoi baten aukera zapuztuko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Geroa Bai Alderdi politikoak EH Bildu Nafarroako Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Podemos Ahal Dugu Nafarroa María Chivite