Politika -
muga
Avenida zubiaren irekiera ospatu dute Irun, Hendaia eta Hondarribiko alkateek: "Herritarren garaipena da"
Ia hiru urtez zarratuta izan den oinezko zubia zabaldu dutela eta, zubian bertan ekitaldi sinbolikoa egin dute goizean Jose Luis Santanok, Kotte Ecenarrok eta Igor Enparanek, elkar besarkatuta.
EITB Media
Ia hiru urtez itxita egon ostean, Avenida zubia berriz zabalik dagoela ospatu dute gaur, irekieraren biharamunean, Irungo, Hendaiako eta Hondarribiko alkateek. Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) lotzen dituen oinezko zubia atzo zabaldu zuen Frantziako Gobernuak, eta irekierarekin pozik agertu dira hirurak: "Herritarren indarraren garaipena da".
Zabaldu eta biharamunean, zubian bertan hitzordua egin dute Jose Antonio Santanok (Irungo alkatea), Kotte Ecenarrok (Hendaia) eta Igor Enparanek (Hondarribia), eta besarkada hunkigarri batean egin dute bat.
Santanok herritarrei eskertu die zubia berriro zabaltzeko egin duten lana. "Gauza askoren batura izan da: batetik, hiru udalek tinko borrokatu dugu azken hiru urteotan, eta, bestetik, herritarren indarra. Harro egon behar dugu", azaldu du.
Irungo alkatearen arabera, "jende askorekin hitz egin dugu, Espainiako eta Frantziako gobernuei idatzi diegu, Arartekoarekin hitz egin dugu eta hark Europar Batasunera eraman du auzia. Gakoa herritarren indarra izan da".
Pirinio Atlantikoetako Prefeturak duela bi aste iragarri zuen mugako lau pasabide irekiko zituela: Avenida zubia eta Larrainekoa, Urkiagakoa eta Izpegikoa (hiru horiek gaur zabalduko dituzte), Nafarroan. Hain zuzen ere, Frantzian larunbatera arte jokatu den Munduko Errugbi Txapelketa amaitu arte itxaron nahi zuten irekitzeko. Arrisku terrorista argudiatu zuen Frantziako Gobernuak muga pasabideak ixteko.
Ordutik, zenbait pasabide zabaldu ditu Frantziak; ez, ordea, Avenida zubia. Hain justu, atzo ireki zuten berriz, zubia trabatzen zuten hesiak kenduta.
Erakundeak eta gizarte-eragileak, itxieraren aurka
2021eko urtarrilean Avenida zubia itxi zutenetik, mugaren bi aldeetako erakunde sozialek salatu dute, arrisku terroristaren aitzakiapean, migrazioa mugatzea zela benetan kontrolen helburua.
Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek, baita mugaren bi aldeetako alderdi eta erakundeek ere, behin eta berriro eskatu diote Frantziari pasabidea berriro irekitzeko. 13.000 herritarrek ere babestu zuten, euren sinadurekin, aldarrikapen hori.