Politika -

Minbizia du, fase terminalean

Herrira: 'Iosu Uribetxebarria hiltzen ari da'

"Iosu Uribetxebarria hilzorian dago eta preso mantentzea aberrazio bat da"; hala azpimarratu du Herrira presoen eskubideen aldeko mugimenduak.

Herrira: 'Iosu Uribetxebarria hiltzen ari da'. Irudia: EITB
Herrira: 'Iosu Uribetxebarria hiltzen ari da'
Herrira: 'Iosu Uribetxebarria hiltzen ari da'. Irudia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Iosu Uribetxebarria hilzorian dago eta preso mantentzea aberrazio bat da". Hala azpimarratu du Herrira presoen eskubideen aldeko mugimenduak. Horrenbestez, Auzitegi Nazionalak ETAko presoa aske uzteko ebazpena onartuko duenaren itxaropena agertu dute.

Herrirak deituta elkarretaratzea egin du Donostia Ospitalaren aurrean, joan den asteazkenetik bertan ingresatuta baitago Uribetxebarria. Minbizia dauka eta fase terminalean dago.

"Espainiako Gobernuak Uribetxebarriarekiko duen jarrera aberrazio bat da eta oinarrizko eskubideen kontrako eraso zuzena da", salatu du Jon Garai Herrirako bozeramaileak. Auzitegi Nazionalak presoa aske uztea eta erabakia azkar hartzea espero dute bai Herrira mugimenduak bai Uribetxebarriaren senideek.

Ainhoa Baglietto abokatuak atzo egin zuen Auzitegi Nazionalean Uribetxebarria aske uzteko eskaera judiziala eta, horren ondotik, Jose Luis Castro Espetxeratuen Zaintzarako epaileak ETAko presoaren osasun-egoerari buruzko txostena galdegin zuen, baldintzapeko askatasunerako eskaria onartu ala ez erabakitzeko.

Garaik azaldu duenez, Uribetxebarriak bere senideen bisita jaso zuen atzo. "Bisita laburra izan zen eta polizia bertan zela burutu zen", erantsi du.

Uribetxebarriaren askatasuna eskatzeaz gain, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten gainerako 13 presoak ere libre uzteko exijitu dute. Horretarako, hamalau aulki huts jarri dituzte elkarretaratzea egin duten tokian.

Amaitzeko, larunbat arratsaldean Uribetxebarriaren askatasuna aldarrikatzeko Arrasaten egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du Herrirak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea