Politika -

GAZA, ERASOPEAN

Sanchezen eta Belgikako lehen ministroaren "jarrera argia eta ausarta" eskertu du Hamasek

Espainiako eta Belgikako gobernuburuek gogor kritikatu dute Israelen bonbardaketek Gazako Zerrendan eragin duten biktima zibilen kopuru handia. Israelgo Gobernuak gaitzetsi egin ditu adierazpen horiek, eta krisi diplomatikoa ireki da.

Sanchez eta De Croo Rafahn. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Sanchez eta De Croo Rafahn. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Sanchez eta De Croo Rafahn. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamas talde islamistak eskertu egin du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Alexander de Croo Belgikako lehen ministroak Gazako Zerrendan gertatzen ari den sarraskiaren inguruan egindako adierazpenekin "jarrera argia eta ausarta" agertu izana. Izan ere, Rafahko pasagunean egindako adierazpen batzuetan, gogor gaitzetsi zuten Israel eragiten ari den biktima zibilen kopuru handia.

"Eskertzen dugu Alexander de Croo Belgikako lehen ministroak Gazaren suntsiketa eta zibilen hilketa gaitzetsiz agertutako jarrera argia eta ausarta, baita Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Gazako Zerrendan Israel egiten ari den hilketak salatu izana eta, Europar Batasunak pauso hori ematen ez badu, Espainiak Palestinako Estatua bere kabuz onartzearen aukera mahai gainean jarri izana", adierazi du Hamasek ohar batean.

Sanchez presidenteak De Croorekin batera Israel, Palestina eta Egiptora egindako bidaiaren ondotik etorri da agiri hori. Israelgo eta Palestinako buruzagiekin bildu eta gero Rafahko pasabidean egindako agerraldian, Espainiako presidenteak ateak ireki zizkion Palestinako Estatuaren aitortzari, eta Israelek "terrorismoa babestea" leporatu zion, krisi diplomatikoari hasiera emanez.

PPk zein Voxek hitz gogorrak izan dituzte gaur Sanchezen kontra

Esteban Gonzalez Pons PPren Arlo Instituzionalerako idazkariordeak azalpenak eskatu dizkio Sanchezi. X sarean idatzi duen mezu batean salatu duenez, Sanchezek "EB ordezkatuz egindako misio diplomatikoan terroristen eskerrak jasotzen amaitu du". "Bildu, Putinen lagunak eta orain Hamas, horiek guztien oniritzia du, eta noiz eta Europar Batasuneko presidentetza duenean. Nola justifikatuko du Espainiaren aliatuen aurrean?", esan du Ponsek.

Santiago Abascal Voxeko presidentearen aburuz, Pedro Sanchez "lotsagarria da Espainiarentzat eta Europa osoarentzat". "Gizateriaren historiako atentatu terrorista anker, basati eta handienaren egileek eskerrak eman dizkiote Sanchezi bere jarreragatik. Hamas ETAri batu zaio, beraz, Sanchezi eskerrak ematen", esan du X sarean zabaldutako mezu batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Belgika bideoak Espainiako Gobernua bideoak Pedro Sánchez Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean? Hamas gaur