Politika -

EH Bildu

Gaur jakinaraziko du Otegik EH Bilduko lehendakarigai izateko aurkeztu nahi duen ala ez

EH Bilduren koordinatzaile nagusiak hartua du erabakia, eta astelehenean jakinaraziko dio EH Bilduren Mahai Politikoari. Asteleheneko bilerarekin ekingo dio koalizio subiranistak hauteskundeetarako zerrenda eta hautagaitzak osatzeko prozesuari.

Arnaldo Otegi. EFE.
Arnaldo Otegi. EFE.
Arnaldo Otegi. EFE.

Olatz Prat | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argitzen doa pixkanaka zeintzuk izango diren 2024ko hauteskundeetan euskal alderdien hautagaiak. Larunbatean jakin da EAJk Imanol Pradales proposatu diela alderdikideei lehendakari izateko hautagai, eta bat-bateko iragarpen horrek EH Bildurengana zuzendu ditu begiradak, gehiengoa lortzeko aukera gehien dituen alderdia baita.

EH Bilduren lehendakarigai Arnaldo Otegi izateko aukera bolo-bolo ibili da azken hilabete eta asteetan; Maddalen Iriarte izan zen aurreko hauteskundeetan lehendakarigaia. Otegik berak esan duenez, hartua du erabakia, baita ondo gordeta ere; izan ere, "gertukoenek bakarrik dakite", eta astelehenera arte ez da publiko egingo. Astelehenean bilduko da EH Bilduren Mahai Politikoa, eta han emango du Otegik bere erabakiaren berri. 

Aste honetan bertan Radio Euskadin esan du ezker abertzalean hainbeste urteko militantziak nolabaiteko "desgastea" ekarri diola familiari, eta, hori dela eta, balitekeela ez izatea bera hautagaia.

Hala ere, argi utzi du aurkeztu egingo dela, alderdikideek eskatuz gero, baina, aurretik esan izan duenez, bere ibilbideari erreparatuta, uste du eskubidea irabazi duela bere etorkizunaz bere kabuz erabakitzeko.

Otegiren balizko hautagaitzari buruz han eta hemen esaten direnak espekulazioak baino ez direla azpimarratu du koalizioak, eta astelehenean eta bide ofizialetik jakingo dela Otegiren erabakia.

Astelehena izango da "galdera horri erantzuna emateko eguna", Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak gaur EITB Mediari egindako adierazpenetan azaldu duenez. Horren hitzetan, "bide-orria ondo markatuta dago" eta "lasaitasun osoz jarraituko dugu lanean", Otegiren erabakia edozein dela ere.

Hautagaia emakumezkoa izango ote den galdetuta, Etxebarrietak esan du EH Bildu osoak egiten duela lan politika publiko feministekin, eta ezberdintasuna horrek markatzen duela: "Lantalde bat gara, eta gure politikak dira, ez norbanakoak, ezberdintasuna markatzen dutenak; horretan ari gara lanean, gure politika publikoetan".  

Etxebarrietak azaldu duenez, astelehenetik aurrera azalduko du koalizio subiranistak zein izango den hauteskundeetarako prozesua, eta "beharbada denborak apurtxo bat aurreratu beharko dira" hauteskundeak aurreratu daitezkeela ikusirik. Edozein modutan, urtea amaitzerako jakingo da hautagaiaren izena. 

Gainerako alderdiei dagokienez, jakina da PSE-EEk Eneko Andueza aurkeztuko duela lehendakarigai, eta PPk, Javier de Andres. Legebiltzarrean gaur egun ordezkaritza duten alderdien artean, beraz, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta Vox  falta dira lehendakari izateko euren hautagaien berri emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi albisteak Berriak Politika EAEko hauteskundeak 2024 EH Bildu Gipuzkoa Zenbat hautagai daude hauteskundeetan? Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea