Politika -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

EH Bilduren lehendakarigaiaren izena abendurako ezagutuko dela espero du Arnaldo Otegik

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ez du argitu hurrengo lehendakarigaia emakumea izango den ala ez. Otegiren esanetan, gero eta jende gehiagok uste du koalizio abertzaleak ordezkatzen dituen baloreak eta proiektuak bereak direla eta uste du hori garrantzitsuagoa dela hautagaia nor izango den baino.

Arnaldo Otegi Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Argazkia: Euskadi Irratia
Arnaldo Otegi Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan
Arnaldo Otegi Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Argazkia: Euskadi Irratia

play icon 16:51

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur goizean Arnaldo Otegik iragarri du ez dela EH Bilduren lehendakariagaia izango 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta, Maddalen Iriarte aurreko lehendakarigaiak errepikatuko ez duela jakinda, dagoeneko hasi da hautagaien izen dantza. Koalizio abertzaleak gaur hasi du hautagaia izendatzeko prozesua, eta EH Bilduko koordinatzaile nagusiak aurreikusten du abenduan ezagutuko dela nor izango den, xehetasun gehiagorik eman gabe.

Dena dela, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, uste du hautagaia nor izango den baino garrantzitsuagoak direla baloreak eta proiektuak. Otegiren esanetan, gero eta jende gehiagok iritzi dio koalizio abertzaleak ordezkatzen dituen baloreak eta proiektuak bereak direla, eta hori lehendakarigai nor izango den baino garrantzitsuagoa dela nabarmendu du.

Bera ez aurkezteko erabakiaz galdetuta, erantzun du momentu politiko honetan ekarpen handiagoa egin dezakeela EH Bilduko koordinatzaile gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakarigai gisa baino. 

Hauteskunde datari dagokionez, berriz, aurreratu egingo direla pentsatzen du. Martxoan edo otsaila bukaeran egiteko aukera aipatu du.

Itxura guztien arabera, EAJren lehendakarigai izango den Imanol Pradalesen inguruan ere hitz egin du. Iñigo Urkulluren klon gisa ikusten du eta jarraipenaren hautagaia dela dio. Ildo horretan, esan du "erregenerazioak politikoak" direla, ez biologikoak, eta nolabait izenak aldatuta bakarrik ez direla gauzak aldatuko. "Jendeak nahi du beste politika batzuk egitea", gaineratu du.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Lege berriari dagokionez, Otegik aurreratu du EH Bilduren mahai politikoak ezezko botoa ematea proposatuko diela militanteei. Horri lotuta, ez du ulertzen EAJk nolatan onartu duen, PSE-EEk eskatu bezala, hizkuntza ereduei eustea. Erabaki horren atzean datorren legealdirako EAJren eta PSE-EEren arteko akordioa egon daitekeelakoan dago.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Alderdi politikoak EH Bildu Hautagaiei buruzko albisteak Eguneko albisteak Albisteak Euskadi Irratia