Politika -

LEHENDAKARITZA

Legealdian emandako "konfiantza eta babes leiala" eskertu die lehendakariak Ortuzarri eta Anduezari

Urkullu EAJren eta PSE-EEren buruekin bildu da goizean, eta koalizioa "emankorra" izan dela azpimarratu die. Ortuzarrek eta Anduezak lehendakariaren "lan ona, dedikazioa eta zorroztasuna" nabarmendu dute.

Ezkerretik eskuinera, Andueza, Urkullu eta Ortuzar. EFE
Ezkerretik eskuinera, Andueza, Urkullu eta Ortuzar.
Amaitu da egoera politikoa aztertzeko Urkulluk, Anduezak eta Ortuzarrek Ajuria Enean izandako bilera

0:36

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak Andoni Ortuzar EAJko burua eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia hartu ditu gaur Ajuria Enean, legegintzaldiaren balantzea egiteko, bi alderdi horiek osatzen duten gobernuaren lau urtekoa amaitzear den honetan. Lehendakariak esker hitzak izan ditu bientzat, eta jasotako "konfiantza eta babes leiala" goraipatu ditu. 

Aurrena, 09:00etan, sozialisten buruarekin egin du batzarra, eta ordu erdi geroago, 10:00etan, hartu du Ortuzar. 10:30ean bukatu ditu hitzorduak

Honakoak izan dituzte aztergai: transferitzeke dauden Estatutuko eskumenak, gobernu programaren eta herri helburuen betetze maila, EAJ-PSE koalizioaren azterketa, eta legegintzaldiaren balantze orokorra.

Bilera amaituta, lehendakariak Facebookeko bere profilean eskegitako mezu batean adierazi duenez, bi buruzagiei urte hauetan jasotako "konfiantza eta babes leiala" eskertu die, gobernu koalizioa "emankorra" izan dela azpimarratuta. 

Andoni Ortuzarrek eta Eneko Anduezak ohar bidez jakinarazi dute bileraren euren balorazioa. Buruzagi jeltzalearentzat, azpimarratzekoak dira "legegintza-produkzio handia" eta helburuen "betetze maila handia", eta hori bi alderdiek oposizioarekin akordioak lortzeko "erakutsi duten gaitasuna"ri egotzi dio. Izan ere, EAJk eta PSE-EE gehiengo osoa dute Legebiltzarrean, eta berez, oposizioaren babesik gabe onar ditzakete legeak. 

Era berean, Urkulluk azken urteotan egindako "lan ona eta dedikazioa" goratu du, are gehiago, kontuan hartuta "une latz eta inguruabar oker ugari" izan dituela legealdiak, besteak beste, covid-19a eta Ukraina eta Gazako gerrak.

Azkenik, zehaztu du bileran eskualdatzeko geratzen diren hiru transferentzien auzia ahotan hartu dutela. Hiruren ustez, "prozesuak bide zuzenetik eraman dira". Dena dela, konpromisoa hartu dute hirurek "bakoitzak bere ardura-esparrutik, esfortzurik onena egingo dutela albait arinen" eskualdatzeko. 

Eneko Andueza sozialisten buruak azaldu duenez, "egindako lanagatik pozarren" dagoela helarazi dio PSE-EEko idazkari nagusiak lehendakariari, bereziki "egoera bereziki zailetan, pandemian". "Euskadiko politikak euskal herritarren beharrei erantzutea izan du lege, hori baita euskal sozialiston lehentasuna", erantsi du. 

"Mala pertsonalean, Iñigo Urkulluk erakutsitako dedikazio eta zorroztasuna hartu ditut aintzat, eta etorkizunerako onena opatu diot. Ez dugu beti bat egin, baina gizartearentzat onak ziren gobernu akordioak betetzeko lanean batera jardun dugu", esan du Urkulluri buruz. 

Lehendakariak hauteskundeak noizko deituko dituen puri-purian dagoenean izango da bilera. Alderdiek uste dute apirilean izango direla, eta apirilaren 21a agertzen da kiniela gehienetan. Dena den, ez da espero Urkulluk hauteskundeen data gaur iragartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Andoni Ortuzar EAEko hauteskundeak PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Eneko Andueza