Politika -

Gorenaren erabakiaren ostean

Trafiko eskumenaren transferentzia kolokan dago, baina Nafarroak bi aukera desberdin ditu bereganatzeko

Orain, aukerarik azkarrena eta egingarriena litzateke eskumena transferitzeko lege organiko bat onartzea Kongresuan, transferentzia babesteko. Bigarren aukera bideragarria litzateke Foru Hobekuntza Legea erreformatzea.

Foruzain bat errepide bazterrean. Irudia: Foruzaingoa
Foruzain bat errepide bazterrean. Irudia: Foruzaingoa
Foruzain bat errepide bazterrean. Irudia: Foruzaingoa

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilaren trafiko eskumenak Nafarroari transferitzea baliogabetu du Auzitegi Gorenak. Guardia Zibilak eginkizun horiek betetzeari uztea aurreikusita zegoen, eta Foru Erkidegoak bere gain hartzea isunak, autoeskolen kudeaketa, errepide-hezkuntza edo trafiko-estatistika.

Gorenaren ebazpenaren berri izan ostean, Nafarroako Gobernuak iragarri du "beharrezko mekanismoa martxan jarriko duela, autogobernuan aurrera egiteko aho bateko konpromisoarekin aurrera jarraitzeko". Horrek hemendik aurrera jarraitzeko bi bide zabalik uzten ditu.

Izan ere, Gorenak atea ireki dio Nafarroak transferentzia beste bide batzuetatik jasotzeko. Honela dio, hitzez hitz, epaiak: "Ondorioz, ezin da transferentzia gauzatzeko errege-dekretu bat erabili Foru Hobekuntzaren Legean Nafarroari aitortu gabeko eta haren eskubide historikoan babestu gabeko eskumen bat emateko. Bere gain hartu ahal izango ditu, baina Hobekuntza Legea erreformatuz edo Konstituzioaren 150.2 artikuluan jasotako lege organiko baten bidez".

Kongresuan lege organiko bat onartzea

Gauzak horrela, orain aukerarik azkarrena eta egingarriena, behin dekretua garatu eta edukia Estatuarekin adostu ondoren, eskumena transferitzeko Kongresuan lege organiko bat onartzea litzateke, transferentzia babesteko.

Aukera hori aipatzen du Gorenak berak, honako hau jasotzen baitu: "Estatuak, lege organiko bidez, transferitu edo eskuordetu ahal izango dizkie erkidegoei Estatuaren titulartasunari dagozkion ahalmenak, baldin eta beren izaeragatik transferitu edo eskuordetu badaitezke".

Foru Hobekuntza Legearen erreforma

Beste aukera, Konstituzioa erreformatzea bideragarria ez denez, Foru Hobekuntza Legea erreformatzea da.

Gaur egun, Nafarroako Parlamentuak lantalde bat du martxan autogobernuaren legean izan daitezkeen aldaketak aztertzeko, baina oraindik ez dira lanak hasi. Arazoa da gaur egun ez dagoela aldaketa sakonen alde egiten duen gehiengorik (ez PSN ez UPN ez daude horretarako prest), eta eztabaida zenbait hilabetez luza daitekeela oraindik.

Nolanahi ere, erreformaren ekimena, Nafarroako Parlamentuak egin ditzakeen proposamenez haratago, Nafarroako eta Espainiako gobernuei dagokie. Tramitazioa ere ez litzateke laburra izango, baina azkartu egin liteke borondate politikoa badago eta aldaketak trafiko eskumenera mugatzen badira.

Presidentetza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Departamentuak emandako datuen arabera, transferentzia hori adostu zenean, zazpi arlori eragiten zien eskumenak.

1. Zigortzeko eskumena

2. Autoeskolak eta gidariak aztertzeko zentroak kudeatzea

3. Puntuak berreskuratzeko kudeaketa

4. Errepide hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloko eskumena

5. Trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko eskumena

6. Kirol-proben eta bizikleta-martxen gaineko zaintza

7. Istripuen estatistika eta komunikazioa eta trafikoaren egoerari buruzko informazioa

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Politika Nafarroa Auzitegi Gorena Espainiako Gobernua argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Foruzaingoa