Politika -

Ayuso auzia

Ayusoren bikotekideak bi delitu fiskal aitortu zituen eta Fiskaltzari ituna proposatu zion

Alberto Gonzalez Amadorren abokatuak mezu elektronikoa bidali zion otsailean Ministerio Publikoari. Zioenez, "egiazki, Ogasunaren kontrako bi delitu egin dira". Ayusok bestela esan zuen atzo. Horren arabera, gizona zerga ikerketapean baino ez dago, eta berez, "Ogasunak 600 000 euro zor dizkio".

Ayuso, artxiboko argazki batean. EFE
Ayuso, artxiboko argazki batean.
Ayuso, artxiboko argazki batean. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Gonzalez Amadorrek, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentearen bikotekideak, bi delitu fiskal aitortu zituen eta Fiskaltzari ituna proposatu zion epaiketa saihesteko. 

SER irrati kateak aurreratu duenez, Carlos Neira Gonzalezen abokatuak mezu elektronikoa bidali zion Ministerio Publikoari akordioa proposatzeko, eta horretarako, bi delitu fiskal egin izana aitortu zuen. "Egiazki, Ogasun Publikoaren kontrako bi delitu egin dira", ageri da testuan. 

"Gaia aztertuta eta Alberto Gonzalezekin adostu eta gero, jakinarazten dizut alde honen borondate argia dela adostasun penala lortzea, egitateak osorik aitortuta  (egiazki, Ogasun Publikoaren kontrako bi delitu egin dira) eta zor den dirutza eta interesak ordainduta", irakur daiteke irrati kateak eskuratu duen agirian. 

Mezua otsaila hasieran bidali zuten, eta Madrilgo Fiskaltzak martxoan aurkeztu zuen salaketa (ez zuen, hortaz, itunik onartu). 

Aitortza horrek ez du Ayusok atzo esandakoarekin bat egiten, are gehiago, guztiz kontrajarria da. PPko Madrilgo buruzagiak adierazi zuenez, Ogasuna da bikotekideari dirua zor diona —600.000 euro, horren hitzetan—, eta gizona "zerga ikerketa basati" baten biktima dela erantsi zuen. 

"Hemen ez dago ustelkeria sarerik, ezta iruzurra egiteko enpresarik", azpimarratu zuen. Honen guztiaren atzean Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua dagoela ere bota zuen. Ayusoren esanetan, Sanchezek "Amnistia Legearen eta Abalos auziaren eskandalua estali nahi du". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Delituak Espainia gaur Iruzurrak argazkiak Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak Madril Gastu publikoa