Politika -

Diputatuen Kongresua

Kongresuak pertsona atzerritarren ezohiko erregularizaziorako herri-ekimena tramitatzea onartu du

Aitzitik, Ganberak atzera bota du Espainiako Estatuan "etxebizitza-larrialdi" egoera ezartzeko proposamena. Bankuei zerga bikoizteko proposamena ere atzera bota du.

Gonbidatu bat, Diputatuen Kongresuko bozketaren emaitza ospatzen. Argazkia: EFE
Gonbidatu bat, Diputatuen Kongresuko bozketaren emaitza ospatzen. Argazkia: EFE
Gonbidatu bat, Diputatuen Kongresuko bozketaren emaitza ospatzen. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuak onartu du, PSOEren eta haren bazkide politikoen babesarekin, Espainian bizi diren 500.000 pertsona atzerritar inguru erregularizatzeko herri-ekimena aintzat hartzea. Antza denez, PPk ez du horren aurka egingo.

Josep Maria Cervera Juntseko diputatuak ekimena izapidetzearen alde bozkatuko duela baieztatu du eztabaidan. Ekimenak 600.000 sinadura baino gehiagoren babesa du, eta horrek, PSOEren eta gainerako bazkideen botoekin batera, Behe Ganberan tramitatzea ahalbidetuko du. Ekimena sustatu duten 900 gizarte-erakundeekiko eta bildutako sinadurekiko "errespetuagatik" hartu du erabakia, baina tramitazioaren hurrengo urratsetan gaiaren inguruan duen behin betiko jarrera aztertuko du, zehaztu du Juntsek.

Hedabideen aurrean egindako agerraldi banatan, Sumarren eta Podemosen bozeramaileek berretsi egin dute ekimena aintzat hartzearen aldeko botoa, ERCk, EH Bilduk eta BNGk eztabaidan egin duten bezala, proposamenaren mamiari babesa azaldu ondoren.

Mikel Legarda EAJko diputatuak ordezkari jeltzaleen "baiezkoa" aurreratu du, baina zehaztu du proposamena erregularizazio berezi batera bideratu beharko dela, "kasuz kasu".

Ekimen hau duela bi urte baino gehiago abiatu zen, sinadurak biltzeko kanpaina handi batekin, eta bere helburua Espainiako Gobernuari sei hilabete ematea da, 2021eko azaroaren 1a baino lehen Estatuan dauden pertsona atzerritarren egoera administratiboa erregularizatzeko prozedurarekin errege-dekretu bat onartzeko.

Sustatzaileen arabera, horrek pertsona migratzaile horien oinarrizko eskubideen urraketarekin amaituko luke; izan ere, 500.000 inguru dira, eta gizarteari ekonomikoki eta fiskalki laguntzea eta lan duina, etxebizitza, osasuna edo hezkuntza eskuratzea eragozten dieten oztopoak desagertuko lirateke.

Aitzitik, Kongresuko osoko bilkurak atzera bota du EH Bilduk Espainiako Estatuan "etxebizitza-larrialdia" ezartzeko egindako proposamena.

Proposamenaren aurkezpenean, Oskar Matutek ohartarazi du egiturazko arazo bat dagoela etxebizitzarekin, eta, etxebizitza partekatzen bada ere, maizterrak bere baliabideen % 40 baino gehiago erabili behar duela logela bat ordaintzeko, etxebizitza-gasturako gomendatutako % 30aren gainetik. "Zaurgarritasun egoera arriskutsuetan sartzen ari gara", salatu du Matutek.

PSOEk neurri horien helburua partekatzen duela esan du, baina nahikoak ez direla eta proposatutako fororako eta formarako egokiak ez direla uste du. Hori dela eta, testua aldatzeko zuzenketa bat aurkeztu du, baina EH Bilduk ez du onartu.

Azkenik, koalizio abertzalearen proposamena puntuz puntu bozkatu da, eta horietako batek ere ez du aurrera ateratzeko adinako babesik jaso.

Sozialistek eta EAJk "elektoralismoa" ikusten dute legez besteko proposamenean. Maribel Vaquero diputatu jeltzaleak bere txandan adierazi duenez, etxebizitzaren merkaturako irtenbide "integralak eta eraginkorrak" beharrezkoak direla uste duen arren, "populismoa eta demagogia soberan daude" arazo "hain larri" baten aurrean erantzuteko.

Gainera, PSOEk, PPk eta Voxek euren botoak batu dituzte Podemosen lege-proposamena atzera botatzeko, bankuen gaineko zerga bikoizteko eta, "inolaz ere", finantza-erakundeek ordaindu beharreko zenbatekoa irabazi gordinaren % 50 baino txikiagoa ez izateko. Proposamenak ez du aurrera egitea lortu, hiru alderdi horien eta EAJren kontrako botoa jaso ostean. Junts abstenitu egin da, eta Sumarrek, ERCk eta EH Bilduk alde bozkatu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Migrazioa Espainia Alderdi politikoak albisteak Arrazismoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza