Politika -

Espainiako Gobernua

Pedro Sanchezek presidente karguan jarraituko duela jakinarazi du

Buruzagiak gobernuburu segitzea erabaki du, "are indar gehiagorekin". Azpimarratu duenez, "gure demokrazian egiteke dagoen eraberritzearen alde" lanean jarraituko du, eta ildo horretan, "gizartearen gehiengoari" mobilizatzeko eskatu dio, "lotsaren politikaren" kontra.

Sanchez, gaurko agerraldian. EITB Media
Sanchez, gaurko agerraldian.
Pedro Sanchez: ''Jarraitzea erabaki dut, are eta indar gehiagorekin''

1:06

E.G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Jarraitzea erabaki dut, are eta indar gehiagorekin". Halaxe jakinarazi du Pedro Sanchezek Espainiako Gobernuko presidente karguan segitzeko hartu duen erabakia. Gobernuburuak agerraldia zeukan iragarrita Moncloan, duela bost egun bere geroa hausnartzeko hartutako tartearen ondotik.

Gaurko adierazpen instituzionala ikusmin handiaren erdian heldu da, agintari eta militante sozialisten elkartasun oldearen oihartzuna oraindik airean zela.

Hain justu, azken egunotan jasotako babes eta enpatia mezuak eskertu ditu Espainiako presidenteak, eta erabakian "eragin" dutela aitortu du. 

Sanchezen esanetan, presidente karguari eustea "ez da puntu eta jarrai bat; puntu eta bereiz bat da, ziurta dezaket". Hori horrela, nabarmendu du "gure demokrazian egiteke dagoen erabarritzearen alde" lanean jarraituko duela, "atsedenik gabe, irmotasunez eta lasaitasunez". 

Mobilizatzeko deia

Horren harira, kalera ateratzeko deia egin die herritarrei. "Gizartearen gehiengoari eskatu behar diot duintasunaren eta sen onaren alde mobilizatu dadin, denbora larregian pairatu dugun lotsaren politika geldiarazteko", aldarrikatu du. 

Sanchezen ustez, mobilizazio sozial horrek "bakarrik" emango dio buelta egoerari. "Espainian bizi duguna ez da salbuespena, munduan barrena dabilen mugimendu erreakzionario ondorio da. Mugimendu horrek bere agenda atzerakoia inposatu nahi du difamazioaren, faltsukeriaren, gorrotoaren eta beldur eta mehatxuen bidez", azaldu du. 

Horren aurrean, bi aukera marraztu ditu Espainiako presidenteak: "'Nahikoa' dela esan" ala "bizitza publikoaren narriadura horrek gure etorkizuna erabakitzea, herrialde gisa kondenatuz". 

Buruzagi sozialistak esan du emaztea eta bion "izen ona zikintzeko kanpaina duela 10 urte" abiatu zela eta jarraituko duela badakitela; "aurre egiteko gai gara", erantsi du. Nolanahi ere, auzi pertsonal horrez harago, uste du Espainiako gizarteak erabaki behar duela "zein gizarte mota izan nahi duen". Horretarako, gogoeta kolektiboa galdegin du. Defendatu duenez, hausnarketa hori hasita dago —azken bost egunak jarri ditu horren adibide— eta "eraberritzea, joko garbia eta araztasuna helburu" izan behar dituela azpimarratu du. 

"Zaurituta eta nahasita dagoen mundu horrentzat inspirazio eta eredu izateko eskatu nahi diot Espainiako gizarteari. Erakuts diezaiogu munduari nola defendatzen den demokrazia", gaineratu du. 

Bost egunez, espekulazioa nagusi

Gobernuburuak asteazkenean iragarri zuen egun batzuk behar zituela, fokuetatik kanpo, hausnarketarako eta erabakitzeko ea merezi ote zion Exekutiboaren buruzagitzan jarraitzea, PPren, Voxen eta eskuinaren eta ultraeskuinaren aldeko hedabide eta erakundeek bere eta Begoña Gomez bere emaztearen aurka abiatutako "jazarpen eta eraispen" kanpainaren aurrean. 

Madrilgo epaitegi batek eginbideak hasi zituen joan den astean, Manos Limpias sasi-sindikatu ultraeskuindarrak Begoña Gomezen aurka negozioetan ustelkeria eta eragimen-trafikoa egotzita jarritako salaketaren ondorioz. 

Ordutik, Sanchezen gertukoenek ez omen dute jakin zein erabaki hartu behar zuen presidenteak. Gehienek uste zuten karguan jarraituko zuela; dena den, goizean alarma guztiak piztu dira agerraldia baino lehen Sanchez Espainiako erregearekin bildu dela jakitean. Ondoren, Maria Jesus Montero eta Felix Bolaños ministroekin eta Santos Cerdan PSOEko Antolaketa idazkariarekin batzartu da presidentea. Azkenean, publikoki jakinarazi du bere erabakia. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak