Politika -

Elkarrizketa

Jimenez, aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztearen alde

Nafarroako Foru Gobernuak 2013rako aurkeztu dituen aurrekontuak kritikatu ditu PSNko idazkari orokorrak, eta "UPNrekiko akordioen aroa" amaitu egin dela adierazi du.

Roberto Jimenez PSNko idazkari orokorra.
Roberto Jimenez PSNko idazkari orokorra.
Roberto Jimenez PSNko idazkari orokorra.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Roberto Jimenez PSNko idazkari orokorrak gogor kritikatu ditu Nafarroako 2013. urterako aurrekontuak eta UPNrekin duten aldea "gaindiezina" dela berretsi du Radio Euskadiko elkarrizketa batean.

Ildo honetan, osoko zuzenketa aurkeztuko ote duten galdetuta, ostiralean zuzendaritzak eta larunbatean Lurralde Batzordeak hartu beharreko erabakia dela azaldu du, baina "pertsonalki, ni osoko zuzenketa aurkeztearen alde nago", adierazi du.

Aurrekontuetan murrizketak irizpiderik gabe egin direla uste du. "Ez dute lehentasunik", gaineratu du eta UPNk PPren inertziak bultzatuta jokatzen duela salatu du. "Seguruenik, krisia gainditzeko, ezin dugu UPNrekin berriro akordiorik egin", adierazi du; "aro hori amaitu da Nafarroan".

Hauteskundeak aurreratzearen inguruan, PSN beste aukera batzuk gidatzeko prest dagoela esan du. "Aurrekontuak badaude, gure planteamendua ezkerretik gehitzea da", ondorioztatu du.

Beste alderdi politikoekin duen harremanaz ere mintzatu da eta "denekin, bereizketarik gabe" hitz egiten dutela ziurtatu du; "aldebitasunaren garaia amaitu egin da".

Azkenik, Nafarroaren eta EAEren artean elkarlana sustatzearen alde azaldu da. "Bi erkidegoen artean lotura handia dago, eta erakundeak ezin dira errealitate horretatik at egon", adierazi du. "Bi erkidego ezberdin gara, baina lotura estuak ditugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea