Teknologia -

2015ean gehien bilatutakoa

'Nola izan zoriontsu?', 2015ean gehien bilatu den galderetako bat

Sareko bilatzaile ezagunenak aurtengo itaun eta hitz bilatuenen zerrenda kaleratu berri du. Bilaketa bitxiak egin ditu jendeak.

Eider Garaikoetxea | Eider

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Askoren ohitura bihurtu da: zalantza bat duzula? Bada, galdetu Googleri. Hain justu, 2015ean zehar Espainiako Estatuan gehien bilatu egin diren galderak eta gehien bilatu diren hitzen bilduma kaleratu berri du bilatzaile ezagunak. Itaunen artean, denetarik dago: kutsu politikokoak, helburu pragmatikoz egiten direnak eta bitxikeriak. Hona hemen horien errepaso bat.

Nola izan...?

Googlek dena edo ia dena dakiena badakigu, baina zorionaren gakoak emateko gai ote den zalantzagarriagoa da. Bada horixe izan da itaun bilatuena: "Nola izan zoriontsu?". Galdera sakon honen ostetik azalekoagoak diren beste batzuk ageri dira: "Nola izan modelo?", "Zelan izan polita?" edo "Zelan izan ezaguna?" 2015ean modan jarritako youtuber "lanbideak" edo hacker hitzak ere badute lekua bilaketa horietan, baita klasiko bat ere: "Nola izan milioiduna?".

Zer gertatuko litzateke...?

Kataluniako egoerak, hauteskunde orokorren balizko emaitzak eta Greziako krisiak ere eragin nabarmena izan dute erabiltzaileen artean, eta horiekin lotutako galderak egin dituzte: "Zer gertatuko litzateke Katalunia independente balitz?" (galdera bilatuena), "Zer gertatuko litzateke Podemosek irabaziko balu?"  (5.a zerrendan) edo "Zer gertatuko litzateke Grezia Eurotik aterako balitz?" (3.a). Unibertsoa ere kezka-iturri da sarean, eta horren lekuko dira beste itaun hauek: "Zer gertatuko litzateke Ilargirik ez balego?" (2. galdera bilatuena) edo "Zer gertatuko litzateke Lurrak biratzeari utziko balio?" (4.a). Galdera errepikatuenen artean azkenak zur eta lur utzi gaitu; izan ere, bada honakoa itauntzen duenik: "Zer gertatuko litzateke alabak makilatuko bazintu?"

Google, mediku

Sareko erabiltzaileek bilatzailea ei dute etxeko mediku, edo hori ematen du, behintzat, askotan galdetzen baitzaio nola saihestu haizeak, antsietatea, ilea erortzea, eiakulazio goiztiarra...

"Nola jakin..." hitzekin hasten diren galderetan ere osasunaren inguruko zalantzak daude. Emakumeek Googlen bilatzen dute zelan jakin haurdun ote dauden edo semea edo alaba izango duten. Maitasunarekin ("Nola jakin maiteminduta zauden?" edo "Nola jakin gustuko zaituen?") eta teknologiarekin ("Nola jakin wifia lapurtzen ote didaten?", "Nola jakin nire IPa?" edo "Nola jakin WhatsAppen blokeatu ote zaituzten?") lotutako zalantzak ere galdera-iturri dira.

Aspertuta zaudela? Bilatu Googlen

Galdera bitxienak "Zer egin..." zerrendan aurkituko ditugu, dena dela. Aspertuta, triste edo deprimituta daudenak Google dute bidelagun, asko baitira "Zer egin aspertuta banago?" edo "Triste nago. Zer egin?" itaunari erantzuna topatu nahi izan diotenak. Harrigarriena, zerrendako azken galdera: "Zer egin ispilu bat apurtzen denean?". Superstiziosoz lepo omen dago mundua.

Bestalde, 2015ean gehien bilatu diren hitzen zerrenda ere kaleratu du Googlek. Telebista-saioekin lotutakoak (“Gran Hermano 16”, “Supervivientes” eta “La Voz”) ageri dira multzo horren lehen postuetan. Baita “Eurovision”, “Elecciones”, Paris eta Charlie Hebdo berbak ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albiste barregarriak Google bideoak Gaurko azken ordukoa