Teknologia -

Bilboko Ingeniaritza Eskola

Bilbo, ingeniaritza mekanikoaren egoitza

Bizkaiko hiriburuan 200 aditu baino gehiago batuko dira fabrikazio aurreratuaren eta 4.0 industriaren alorrean izandako azken berrikuntzen inguruan aritzeko.

Batzarraren lehen egunaren irudia.
Batzarraren lehen egunaren irudia.
Batzarraren lehen egunaren irudia.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fabrikazio aurreratuaren eta 4.0 industriaren nazioarteko batzarra hartuko dute aste honetan Bilbon. Bilboko Ingeniaritza Eskolak eta Tekniker zentro teknologikoak antolatu dute ekitaldia, besteak beste, ONA eta ITP Aero enpresen lankidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren eta Bilbao Turismoren laguntzarekin.

Bizkaia Aretoak Mekanizazio Metodo Aurreratuen Nazioarteko XIX. Konferentzia hartuko du apirilaren 23tik 27ra arte. Ingeniaritza mekanikoan adituak diren 200 lagun baino gehiago batuko dira Bizkaiko hiriburuan, mundu osotik etorritakoak, baina Txinatik, Japoniatik eta Alemaniatik iritsitakoak nabarmentzen dira horien artean, Bilboko Ingeniaritza Eskolaren arabera.

Mekanizatuaren azken joerak eta “laugarren industri iraultza” izenarekin ezagutu denarekin duen harremana aztertuko dituzte bertan, eta, besteak beste, 4.0 industria, fabrikazio aurreratua eta aditiboa (3D artxiboak objektu fisiko bihurtzen dituena) izango dituzte hizpide.

Hemeretzigarren edizio honetan, ONA enpresak mekanizatuaren inguruko doktoretza egiten ari diren pertsona batzuk sarituko ditu, doktoregai gazteek alor horretan ikertzea eta parte hartzea sustatzeko. Guztira, 500 euroko 10 sari emango ditu, lan onenak nabarmentzeko, eta hautagaiek euren proiektuak aurkeztu ahalko dituzte adituen iritziak jasotzeko.

Bigarren aldiz egingo dute batzar hori Bilbon, 2001ean hamahirugarren edizioa hartu baitzuen. Aurrekoa Tokion egin zuten eta Suitzan egingo dute hurrengoa, 2020an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Bilboko albisteak Gaurko azken orduko albistea Zientzia berriak Zientzia hedapena gaur