cerrar buscador

Iktusa 2017ko maratoian | EITB Maratoia

EiTB MARATOIA

EiTB Maratoia

Iktusa

Iktusa istripu zerebrobaskular bat da, garuneko funtzioen bat-bateko galera, asaldura baskular baten ondorioz; hein handi batean, ezintasun-maila desberdinak eragiten ditu.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Iktusa istripu zerebrobaskular bat da, garuneko funtzioen bat-bateko galera, asaldura baskular baten ondorioz, eta, hein handi batean, ezintasun-maila desberdinak eragiten ditu, ondorio sozial larriekin.

Gaixotasunaren sintoma nagusiak honako hauek dira: indarraren edo sentsibilitatearen galera gorputz-adarretan, hitz egiteko edo ulertzeko ezintasuna eta ikusmenaren asaldura.

Zer da iktusa?

Iktusa bat-batean agertzen den gaixotasun bat da, tronbo batek garuneko hodiak buxatzen dituenean (kasuen % 80) edo hodiak apurtzen direnean (kasuen % 20). Horren ondorioz, hodietatik ez da oxigenorik edo mantenugairik iritsiko garunera eta bere funtzioak nahastu egingo dira. Gero eta denbora gehiago egon garuna odolik gabe, burmuin zati handiagoa kaltetuko da; kasu askotan, osatze prozesua motela da eta pixkanaka gertatzen da, eta iktusak eragindako pertsonen % 45 hil egiten da edo ezintasunak eragiten dizkieten ondorioak dituzte.

Zeintzuk ditu sintoma nagusiak?

Bat-batean gertatzen da, eta honako hauek dira sintoma nagusiak:

-Indarra edo/eta sentsibilitatea galtzea gorputz-adar batean edo alde      bereko bietan.

-Aho-komisura desbideratzea.

-Komunikazioaren nahasmendua, adierazteko edo ulertzeko          zailtasunengatik; edo biengatik.

Zer egin, iktus baten aurrean?

Bat-batean agertzen badira iktus baten sintomak, 112ra deitu behar da lehenbailehen, ospitale hurbilenera bideratu gaitzaten, denborarik galdu gabe.

Oso garrantzitsua da sintomak nabaritzen hasi diren ordua edo gaixoa normal zegoen azken unea (sintomarik gabe) zein izan den gogoratzea, normalean hartu ohi dituen sendagaiak zeintzuk diren esatea, jakinaraztea, antikoagulatzaileak hartzen baditu, azkena zein ordutan hartu zuen, eta, azkenik, senide edo lekukoren bat egotea gaixoarekin batera, artatuko duten osasun-arloko profesionalei gaixoaren berri emateko.

Zer da iktus kodea?

Ospitaleratzearen, diagnostikoaren eta tratamenduaren epeak murrizteko martxan jarri den ekintza-estrategia bat da iktus kodea.

Iktus kodea Euskal Osasun Sistema osoan dago martxan, eta ospitale guztiek daukate Iktus Unitate bat, gaixoa teknika aurreratuenekin artatzeko beharrezkoak diren baliabide, tresna eta profesional trebatuekin.

Fase akutua 112ra (larrialdietara) egindako deiarekin hasiko da, iktus kodea aktibatzen dutenean, edo gaixoa ospitalera iristen denetik alta ematen zaion arte.

Tronbolisi izeneko tratamendu farmakologiko bat daukate zentroek, tronboak edo odolbilduak desegiteko gaitasuna duena, bai eta tronbektomia izeneko prozedura bat ere. Trombektomian izterrondotik gailu batzuk sartzen dira tronboa ateratzeko. Prozedura honek garuneko odol-fluxua berrezartzeko aukera ematen du. Tratamendu hau arteria buxatu ondorengo lehenengo 4, 5 edo 6 ordutara soilik aplikatu daiteke. Iktus kodeak gaixoa lehenbailehen ospitalera iristea nahi du, tronbolisia edo/eta tronbektomia egitea posible den kasuetan, berehala aplikatu dadin.

Fase honen oinarrizko helburua gaixoari medikuntza-tratamendu egokia ematea da, egonkortasun klinikoa lortzeko, konplikazioak eragozteko eta gaixoa akutuen ospitaletik alta jaso dezan prestatzeko.

Fase honetan osasun-arloko hainbat profesionalek parte hartzen dute (neurologoak, neurokirurgialariak, erizainak, osasun-laguntzaileak, etab.).

 

Gaixoak ezintasunen bat badauka, mediku errehabilitatzaileak baloratuko du ospitalean, eta osatzeko aukerak aztertuko ditu. Lesioaren garrantziaren eta osasun-egoeraren arabera, jarraitu beharreko tratamendua zein den erabakiko du.

Arreta, Euskadin

Osasun-laguntza hutsa baino zabalagoa da iktusari aurre egiteko bidea fase akutuan. Diziplina eta maila anitzeko arreta ezinbestekoa da, lehen eta bigarren mailako prebentzioan eraginkortasuna handitzeko, eta gaixoaren zein zaintzaileen osasun eta gizarte-arloko beharrizanei aurre egiteko.

Osakidetzak zerbitzuen estaldura zabala eta kategoria profesionalen zerrenda luzea ditu Euskadi osoko ospitale, larrialdi-zerbitzu eta lehen mailako arreta-zentroetan (Osasun Antolakuntza Integratuetan egituratuak).

Profesionalak gaixotasun honen diagnostikoa, tratamendua, jarraipena eta laguntza egiteko prestatuta eta gaituta daude.

Euskal Osasun Zerbitzuak arreta-modalitate berriak ditu, gaixoei eta familiei laguntza etengabea ematen zaiela ziurtatzeko, Osakidetzaren Lerro Estrategikoetan jasota dagoen moduan.

-Ibilbide asistentzialak Lehen Mailako Arretarekin.

-Etxez etxeko ospitaleratzeak.

-Eguneko unitateak.

-Teknologia berriak.

-Osarean.

-Laguntza etengabearen unitateak.

-Egoitzak, tutoretzapeko etxebizitzak, besteak beste.

Horrez gain, diziplina anitzeko kontsulta espezializatuak kasu konplexuez arduratzen dira.

 

Iktusaren gaineko ikerketa, Euskadin

 

Osakidetzan egiten den iktusari buruzko ikerketaren barruan, une honetan 37 proiektu eta azterketa kliniko daude martxan, 560.000 eurotik gorako hainbat urtetarako finantzaketarekin. Datu horiek argi erakusten dute iktusarena ikerketa-lerro garrantzitsua dela Osakidetzan.

Datu on horien atzean bi arrazoi argi ditugu: batetik, gaixotasun horien gaineko ezagutza sakona, eta bestetik, Osasun sailak ikerketa eta berrikuntzaren alde egindako apustu estrategikoa, gure osasunaren inguruko emaitzak hobetzeko eta Euskadiko garapen ekonomikoa sustatzeko (Osasun Ikerketa eta Berrikuntzaren Estrategia 2020).

Iktusa istripu zerebrobaskular bat da; garuneko funtzioen bat-bateko galera da, asaldura baskular baten ondorioz, eta, hein handi batean, ezintasun-maila desberdinak eragiten ditu, ondorio sozial larriekin. Bizi-kalitatea hobetzea eta gaixotasunaren eraginak arintzea da ikerketaren helburuetako bat.

Une honetan, arlo hauekin zerikusia duten proiektuak eta ikerketak daude martxan:

-Sistemen biologia eta transkriptomika analisiak, iktusetako biomarkatzaileak identifikatzeko.

-Azterketak farmakoekin, albo-ondorioen tratamendura bideratutakoak, hala nola goiko eta beheko gorputz-adarren espastizitatea, zein bigarren gertaera iskemiko baten prebentziora bideratutakoak.

-Gailu esperimentalak, iktus baten ondoren gaixoaren auto-zaintzan laguntzeko (medikazioa, ariketak, etab.).

-Terapia neuroerrehabilitatzaileak, interfaz neuronaletan oinarrituak, mugitzeko ezintasun larriak dituzten gaixoentzat.

-Errehabilitazio-sistemak serious games-ekin.

Ikerketa horietan Osakidetzako Osasun Ikerketako hainbat institutuk (Biodonostiak, Biocrucesek, Bioarabak), Bilbo Basurtuko OAIak, Gorlizeko Ospitaleak eta Galdakao Barrualde OAIak esku hartzen dute, EHUren laguntzarekin.

Hain zuzen ere, proiektu guztiak lankidetzan egiten dira; Osakidetzako hainbat zentroren artean (batzuetan, Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioak kontratatutako ikertzaileekin) edo Osakidetzako zentroren baten eta EHUren artean, bai eta Europako erakundeekin eta enpresekin ere.