EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

inbestidura

EAEko legeak ez du aurreikusten bozak errepikatzea blokeoa badago

Kongresuan ez bezala, Legebiltzarrean parlamentariek ezin dute hautagai baten aurka bozkatu. Alde bozkatzea edo abstenitzea dituzte aukera bakarrak.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko hurrengo presidentearen inbestidura blokeatuta dago oraindik, abenduaren 20ko hauteskunde orokorretatik zortzi hilabete joan ostean, eta bozak ekainaren 26an errepikatu bazituzten ere. EAEn, baina, legeak ez du aurreikusten hauteskundeak errepikatzeko aukera, ezta inbestidurak porrot egitea ere.

Espainiako kasuan, inbestidurarako hautagaia erregeak proposatu behar du, talde parlamentarioekin bilera-sorta egin ondoren. Horren aurrean, EAEn taldeek erabaki behar dute euren hautagaiak inbestidurara aurkeztu edo ez.

Ezberdintasun gehiago: Diputatuen Kongresuan, parlamentariek hautagaiaren alde edo aurka bozkatzea edo abstenitzea erabaki dezakete, eta Eusko Legebiltzarrean ezin da aurkako botoa eman: hautagaia babestea edo abstenitzea dira aukera bakarrak.

Horren ildotik, Gasteizko Ganberan aldeko boto gehien izango dituen hautagaia izendatuko dute lehendakari, abstentzioen kopurua handiagoa izan arren. Kongresuan, aldiz, gehiengoa lortu beharra dago (osoa lehen bozketan, eta sinplea bigarrenean).

EAEko inbestiduran zenbait hautagairen artean berdinketa ematen bada, behin eta berriro errepikatu beharko litzateke bozketa, norbaitek irabazi arte, baina Ganbera ez lukete desegingo eta hauteskundeak ez lirateke errepikatuko.

Aitzitik, Espainian bozak errepikatu behar dira, lehen bozketa egin eta bi hilabetera oraindik ere blokeoa badago. Dagoeneko bi hauteskunde egin dira zortzi hilabetean, eta ezin da baztertu hirugarrenak ere deitu behar izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Legebiltzarra albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Hauteskundeak Euskadin Hauteskunde orokorrak Eguneko albisteak