EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Kanpaina amaiera

Euskadiren etorkizuna 'jokoan' dagoela ohartarazi du Urkulluk

Lehendakarigaiak EAJren alde bozkatzeko deia egin die gazteei eta botoa erabakita ez dutenei.

EAJren hauteskunde kanpainaren amaiera ekitaldia. EiTB
EAJren hauteskunde kanpainaren amaiera ekitaldia. EiTB
EAJk Bilbon egin du kanpaina bukaerako ekitaldia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakari eta karguan jarraitzeko EAJko hautagaiak igandeko hauteskundeetan bozkatzera joateko deia egin die herritarrei, bereziki gazteei eta oraindik botoa erabakita ez dutenei, Euskadik "etorkizuna" baitu jokoan. "Une giltzarrian gaude", gaineratu du.

EAJk Bilboko Areatzan amaitu du hauteskunde kanpaina. Bertan, EAJko hainbat buruzagi izan dira, hala nola Andoni Ortuzar EBBko presidentea eta Josu Erkoreka eta Joseba Egibar Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuak.

Ekitaldian, "autokonplazentziarik" nahi ez duela nabarmendu du Urkulluk. "Gauzak hobeto egin behar ditugu, hobera egin behar dugu", esan du.

Horren ildotik, "behartsuenengatik" eta gazteengatik hobetu beharra dagoela adierazi du. "Hori da nire konpromisorik sentituena, paternalismorik eta laudorio faltsurik gabe. Ez dizuet promestuko bete ezin dudana, esfortzua partekatzeko deia egiten dizuet", azpimarratu du.

Bestalde, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak bozkatzeko gonbita luzatu du. "Hautestontziak botoez betetzen dira, eta botoek gehiengoak ematen dituzte", ohartarazi du buruzagi jeltzaleak.

"Jokoan dago Euskadik nazio eta gizarte gisa duen etorkizuna, enpleguaren etorkizuna, gazteena, bizikidetzarena, gure edadetuena. Gure autogobernua erabakitzea dugu jokoan", erantsi du.

Azkenik, Joseba Egibarrek esan du Estatu propioa sortzea "beharra" dela. Horren aurrean, militante jeltzaleek independentziaren aldeko oihuak egin dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Iñigo Urkullu biografia Eusko Legebiltzarra EAEko hauteskundeak 2024 Gaurko azken orduko albistea