cerrar buscador

08:36

Nagore

Zaldibarko luizia

Arriola: "Enpresa da zabortegiaren segurtasunaren erabateko arduraduna"

Agentziak

Sailburuak agerraldia egin du lehendakariarekin eta hiru sailbururekin batera Jaurlaritzaren kudeaketa azaltzeko; ezegonkortasuna "neurri konplexuak" ari da eskatzen, Beltran de Herediaren hitzetan.

  • Sailburuak, Iñigo Urkulluren ondoan, agerraldiaren hasieran.

    Sailburuak, Iñigo Urkulluren ondoan, agerraldiaren hasieran. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak ziurtatu duenez, Verter Recycling SL enpresa da otsailaren 6an luizia izan zuen Zaldibarko zabortegiaren "segurtasunaren erabateko arduraduna". Arriolak agerraldia egin du astearte honetan, Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Eusko Jaurlaritzako hiru sailbururekin batera, Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean, Jaurlaritzak luiziaren ostean egindako kudeaketa azaltze aldera. Agerraldi horretan bertan, Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak adierazi du zabortegiko ezegonkortasuna "neurri konplexuak" ari dela eskatzen, lurperatuta jarraitzen duten bi langileak "segurtasunez" topatu ahal izateko.

Osasun sailburu Nekane Murgak eta Lan eta Justizia sailburu Maria Jesus San Josek ere egin dute agerraldia. Murgak nabarmendu du ulertzen dituela "herritarren zalantzak", bai eta horien "ezinegona" ere, baina, ziurtatu duenez, "ez gaude alerta-egoeran"; San Josek esan du Eusko Jaurlaritzak jarraipena egingo diela luiziaren osteko erreskate-lanetan ibilitako langile guztiei, alegia, amiantoak eragindako arriskuaren mendean egondako beharginei.

Iñaki Arriolak zehaztu du 2019ko udan ikuskapen "zehatza eta zorrotza" egin ziotela zabortegiari, eta 23 "desbideratze" antzeman zituztela, baina bat ere ez zela larria, eta, gainera, ez zutela loturarik egonkortasunarekin. Arriolak adierazi duenez, "kontrakoaren zantzurik topatu izan balitz, beharrezko neurriak hartuko ziren, eta beharrezko premiarekin".

Sailburuak onartu du "desbideratzeen kopurua altua" izan zela, baina "desbideratzeak ez ziren esanguratsuak edo larriak", erantsi du. Hortaz, "ez zegoen arrazoirik zabortegiak egonkortasun-arazorik zuela pentsatzeko, eta, are gutxiago, tamalez hilaren 6an izandakoa bezalako luizirik gerta zitekeela aurreikusteko", azaldu du.

Arriolaren esanetan, 2017an eta 2018an egindako kontrol topografikoetan "aipamenen bat egiten zitzaion ezegonkortasunari, oso lausoa eta zehaztugabea". Horiek izan ostean, enpresak ez zuen aparteko neurririk hartu.

Horren arabera, zabortegia hasieran aurreikusi baino arinago ari zen betetzen, baina, horren hitzetan, ez dago horretarako legezko mugarik: "Ustiapen plan zuzena egon behar da, eta Ingurumen Baimen Bateratua betetzeko beharra dago; horrek egiten du enpresa erabateko arduraduna izatea zabortegiaren segurtasunean eta egonkortasunean".

BIDEOA | Arriola: ''Zabortegiaren egonkortasunaren arduraduna enpresa da''

Beltran de Heredia: "Ingeniaritza zibileko neurri konplexuak"

Estefania Beltran de Heredia sailburuak, bere aldetik, adierazi du "ingeniaritza zibileko neurri konplexuak" ezarri behar izan dituztela, luiziaren osteko ezegonkortasun handiagatik. Neurri horien helburua izan da sartzea, ahalik eta arinen eta segurtasun osoz, desagertuta dauden langileak topatzeko aukerarik gehien dagoen gunera, "familien nahia, alegia, gorpuak berreskuratzea, gure egiteko".

Beltran de Herediak azaldu du hasiera batean pentsatu zutela sei langile zeudela arriskuan, baina gerora lau telefonoz topatu zituzten; beste bi telefonoek, aldiz, jotzen zuten, "baina erantzunik ez zen egon".

Sailburuak ziurtatu duenez, "segituan osatu zen krisi-mahai operatiboa", eta bera Zaldibarrera joan zen. Desagertutako langileen lankideen informazioaz baliatuta, "bilaketa-lanak hasi ziren, larrialdi-baliabide guztiak mobilizatuta".

Beltran de Herediak adierazi du bilaketa-lanetan "oztopo handi bat" izan zutela hasieratik: lurraren ezegonkortasuna. Horren ondorioz, bi familia euren baserrietarik atera zituzten, eta geologo bat mobilizatu zuten, egoera azter zezan.

Beste "zailtasun" bat izan zen amiantoa zegoela. Sailburuaren esanetan, hasierako elkarrizketetan enpresako inork ez zien aipatu larrialdietako zerbitzuei "zabortegian amiantoa zuten eraikuntza-materialak zeudela". Bertaratu zen lehen teknikariak esan zuen kartel bat zegoela, eta kartel horren arabera, "hondakin ez arriskutsuak" zeudela hondakindegian: "Hortaz, lehen orduetan, bilaketa-lanak egiten izan ziren langileek ez zuten horren berri izan".

Sailburuak esan duenez, gero adostu zuten neurri prebentiboak luizia gertatu zen puntutik 50 metrora arteko inguruko langile guztiei ezartzea: "Beharrezko neurriak hartzen hasi ginen, bi desagertuak topatzeko lanetan izandako beharginekin, bai eta erabilitako ibilgailuekin eta materialarekin ere". Hortaz, "material egokiekin" hasi ziren berriro lanean, "baina, denborak aurrera egin ahala, lurraren ezegonkortasunaren gaineko albisteak gero eta kezkagarriagoak ziren; horren ondorioz, bilaketa bertan behera uztea erabaki zen, gauerdian. Larunbatean berriro hasi ziren, baina ezegonkortasun-adierazleak gero eta txarragoak ziren, eta euria egiten hasi zen, gainera".

"Hortaz, erabaki zaila baina saihetsezina hartu behar izan zen: azaleko bilaketa bertan behera uztea, eta beste aukeraren bat topatzen saiatzea", azaldu du Beltran de Herediak.

"Astelehenean, geologoen txostena erabakigarri bilakatu zen", horren esanetan, eta hiru puntu kontuan hartu behar zituztela barneratu zuten: ezegonkortasunaren arazoa, sutea itzaltzeko lanak eta bilaketa- eta erreskate-lanak. "Hasieran uste baino askoz ere zailagoa zen", nabarmendu du.

BIDEOA | ''Enpresarekin izandako hasierako harremanetan inork ez zuen amiantorik aipatu''

Murga: "Ez gaude alerta-egoeran"
Nekane Murga Osasun sailburuak adierazi du ulertzen duela herritarrak kezkaturik egotea, baina "ez gaude alerta-egoeran", adierazi du. "Mahai gainean ditugun dioxina- eta furano-balioak kontuan izanik, esposizioa epe labur batean egiten bada, ez dago osasunerako arriskurik", esan du.
Osakidetzako Larrialdiak, Murgaren esanetan, "lehen unetik izan ziren istripuaren tokian. Luizia gertatu eta hamabost bat minutura, lau anbulantzia, Osakidetzako helikopteroa eta hainbat biktimak izan litezkeen gertakarietarako prest dagoen furgoi berezi bat bertaratu ziren; furgoi horrek istripua gertatu zen tokian jarraitu zuen, erreskate lanetan".
Zehaztu duenez, desagertuen senideek hasieratik izan dituzte euren esku Osakidetzako medikuak eta psikologoak, Gurutze Gorriarekin elkarlanean: "Une honetan, eskatuz gero, laguntza-sareko bigarren biktimentzako babesa ere dute eskuragarri".
Ingurumen-arriskuek osasunean izan litzaketen eraginen gainean, urei dagokienez, "zabortegiko euri-ura eta lixibiatuak drainatzeko bideak" aztertzen ari dira, "baita hornidura-iturriak, banaketa-sarea eta inguruko iturburuak ere", azaldu du.
Edateko urari egindako analisietan ez dutela kutsadurarik detektatu jakinarazi du, baina, iturburuak kutsatuta egon daitezkeenez, Osasun Publikoak, "soilik ardura-neurri gisa, zabortegitik gertuen dauden bost baserrietako familiei esan zien ez erabiltzeko iturburuko urik"; zisterna-kamioi bat ari zaie ura ematen ordutik.
Airearen kalitateari dagokionez, Murgak azaldu du Osasun Publikoko laborategian eta unitate mugikorretan, luizia gertatu zenetik, "200 substantzia baino gehiago" aztertu dituztela: "Kasu batzuetan, laginak egunero edo egunean hainbat aldiz ari dira hartzen, eta beste lagin batzuk modu jarraituan hartu dira". Batez besteko balioa zehazten da, "beti argibide teknikoek gidatuta".
Kontrolak otsailaren 8an hasi ziren egiten, eta, ordutik hona, egunero egin dituzte, etengabe. "Emaitzak normalak izan dira", Murgaren arabera. Otsailaren 10ean egiaztatu zuten lindanorik ez zegoela, eta gerora egindako analisiek horixe berretsi dute. Horrez gain, airearen kalitatea aztertzen jarraitzen dutela azaldu du, eta arriskua desagertu arte neurketak egingo dituztela erantsi du.
Herritarrei ematen ari zaien informazioaz, Murgak esan du etengabeko harremana izan dela eta dagoela "Ermuko, Eibarko eta Zaldibarko alkateekin", eta Jaurlaritzak, eskatu diotenean, "bizilagunen edo gizarte-eragileen bileretan" parte hartu duela.

BIDEOA | Bizilagunen ''ezinegona'' ulertzen du Murgak, baina ''ez gaude alerta-egoeran''


San Jose: "Jarraipena, arriskupean izandako langileentzat"
Testuinguru honetan, Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburuak jakinarazi du Jaurlaritzak jarraipena egingo diela erreskate-lanetan parte hartu duten langile guztiei; izan ere, amiantoak eragindako arriskua dago tartean. "Amiantoaren aurrean prebentziozko neurriak hartzea ez da aukera bat Lan Ikuskaritzarentzat, baizik eta guztiz derrigorrezkoa den zerbait", esan du.

Azaldu duenez, langileak bi taldetan banatu dituzte, "arriskuak identifikatzeko asmoz". Goialdean ibili zirenak lehen taldean sartu dituzte; gainerakoak, bigarrenean. Birika-patologiaren bat dutenak edo erretzaileak direnak, bigarren talde horretan egonez gero, lehen taldera igaroko dira.
Gainera, San Josek esan du azalpenak emango dizkietela langileei, behar duten informazio guztia izan dezaten (esposizio-epeaz, gerta litezkeen patologiez…).
Bestalde, gogorarazi du Gizarte Segurantza eta Lan Zuzendaritzak eskumenak dituela, lan agintea den heinean; hortaz, Lan eta Gizarte Segurantza Ikuskaritzaren txostenak, aktak eta jarduerak abiapuntu, ahalmena du espediente zigortzaileei hasiera emateko.

Azkenean, elkartasuna agertu die desagertuta dauden langileen senideei eta gertukoei, eta lasaitasun-mezua bidali die herritarrei, erakundeak behar bezalako lana egiten ari baitira. "Jaurlaritza modu koordinatuan eta gardenean ari zaio aurre egiten egoerari", esan du.
BIDEOA | Amiantoarekin harremana izan zuten langileen jarraipena egingo du Eusko Jaurlaritzak


Iruzkinak

  • EiTB Kirolak

    Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.

    Ez dago zuzenekorik

    Euskal Selekzioak Euskal selekzioak irabazi egin dio Korsikari,… Euskal Selekzioak