Itxi

Athletic Club

Europa Liga

Penaltiek Athletic kanporatu dute, partida epikoa egin ostean

Leire Etxazarra | eitb.eus

Bilbotarrak andaluziarrak baino gehiago izan dira, eta legezko 90. minutuetan 1 eta 2 gailendu dira, baina penalti jaurtiketetan zortea kontra izan dute. Aduriz, gainera, lesionatu egin da.

  • Adurizek bilbotarren lehen gola egin du, baina lesionatuta atera da zelaitik. Argazkia: Efe.

    Adurizek bilbotarren lehen gola egin du, baina lesionatuta atera da zelaitik. Argazkia: Efe.

Athleticek agur esan dio Europa Ligari, modu oso mingarrian. Zuri-gorriek galdu egin dute penaltietan, Sevillaren aurka final-laurdenetan jokatutako kanporaketa. Bilbotarrek gauzak zail zituzten hasieratik, San Mamesen jokatutako joanekoan 1 eta 2 galdu ostean, baina Adurizek eta Raul Garciak sartutako golek kanporaketa berdindu dute. Penaltiek, hala ere, Valverderen taldearen kontra egin dute, eta finalerdietarako txartela andaluziarrek lortu dute.

Lehen 45 minutuetan ez da golik izan. Jokoa orekatua izan da, baina Athleticek andaluziarrek baino irudi hobea eman dute. Adurizek eta Susaetak izan dituzte aukerarik argienak bizkaitarren kasuan. Sevilla, berriz, egoera kontrolatzen saiatu da, baina erasoari muzin egin barik.

Bigarren zatia Herrerinek Gameirori egindako geldiketa bikain batekin hasi da. Eta handik gutxira, 57. minutuan, lehoiek lehen gola egin dute. Golegilea, nola ez, Aritz Aduriz. Donostiarrek jokaldia egin du andaluziarren area barruan eta bere jaurtiketa ate barruan sartu da.

Bilbotarrek ez dute golaz disfrutatzeko denborarik izan, Gameirok berdinketa lortu baitu bi minutu geroago, Vitolok zuzendutako kontraeraso batean. Zuri-gorriak ezustean harrapatu dituzte.

Handik gutxira, Adurizek min hartu du eta aurrelaria aldatu egin behar izan du Valverdek. Kolpeak bata bestearen atzetik zetozela ematen zuen, baina orduan Raul Garcia agertu da. Nafarrak Athleticen bigarren gola egin du, kanporaketa berdinduz (3-3).

Luzapena eta penaltiak

Legezko 90. minutuetan ez da gol gehiagorik izan, eta bi taldeek luzapenera jo behar izan dute. Susaetak izan du lehoien aukerarik argiena, Eibarkoaren jaurtiketa kanpora joan da zutoinaren ondo-ondotik, ate osoa berarentzat izan duenean. Baina Sevillak ere aukera ikaragarria izan du, bikoitza, eta Herrerinek eta San Josek gola saihestu dute.

Gauzak horrela, luzapena amaitu eta penaltietara joan dira. Raul Garciak, Viguerak, San Josek eta Susaetak euren jartiketak sartu dituzte; Beñatek, aldiz, ez du hirugarrena asmatu. Sevillako jokalariek ez dute hutsik egin, eta, ondorioz, finalerdietarako txartela Unai Emeryren taldeak lortu du.

 

Fitxa teknikoa:

1 - Sevilla: David Soria; Mariano (Coke, 100. min), Rami, Kolodziejzack, Escudero; Krychowiak, N'Zonzi; Vitolo, Iborra (Cristóforo, 67. min), Krohn-Dehli (Konoplyanka, 51. min); eta Gameiro.

2 - Athletic: Herrerín; De Marcos, Bóveda (Iturraspe, 60. min), Etxeita, Balenziaga; San José, Beñat; Susaeta, Raúl García, Lekue (Muniain, 54. min); Aduriz (Viguera, 70. min).

Golak: 0-1, 57. min: Aduriz. 1-1, 59. min: Gameiro. 1-2, 80. min: Raúl García.

Penaltietan: 0-1: Raúl García. 1-1: Coke. 1-2: Viguera. 2-2: Krychowiak. 2-3: San José. 3-3: Konoplyanka. 3-3: Beñat (atezainak jaurtiketa gelditu dio). 4-3: N'Zonzi. 4-4: Susaeta. 5-4: Gameiro.

 


t="utf-8">