Itxi

Athletic Club

Larunbatean, 20:45ean

Ziganda eta Valverde berriro elkartuko ditu Katedralak

Leire Etxazarra | eitb.eus

'Kuko' Zigandak garaipena behar du azken partidetako joko eta emaitza txarrek sortutako giro nahasia baretzen hasteko. Valverdek, berriz, Ligako lidergoan sendotu nahi du Bartzelona.

  • Ernesto Valverde. Argazkia: Efe.

    Ernesto Valverde. Argazkia: Efe.

Ziganda eta Valverde protagonista izan ziren Athletic taldearen aurrealdean Jupp Heynckesek Bilbon entrenatzaile moduan egindako lehen egonaldian. Larunbat honetan, aldiz, elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak; bata, Valverde, Bartzelona aulkitik zuzentzen, eta bestea, Ziganda, gauza bera egiten, baina Athleticen aulkitik.

Bi taldeek egoera oso ezberdinean daudela egingo diote aurre neurketari. Kataluniarrak lider daude Ligan, Valentzia lau puntura dute eta Real Madril bostera.

Athletic, berriz, hamaikagarren dago Ligan, eta joko eta emaitza negargarriak izan ditu azken partidetan. Taldeak aste beltza izan du, ahazteko moduko hiru partida jokatu ditu (Europa Ligan, Ligan eta Kopan), eta irudi oso kezkagarria eman du.

Ernesto Valverde San Mamesera itzuliko da, azken lau denboraldietan Athleticen entrenatzaile izan ostean. Urte horietan guztietan zuri-gorriak Europan jokatzeko sailkatu ditu.

Valverde, San Mamesen irabazi ezinda

Valverde da, hain zuzen, Athletici partida gehien zuzendu dizkion entrenatzailea, baina aurkari moduan San Mamesen kale egin du Ligan jokatu dituen lau partidetan. Kopan lortu du emaitza on bakarra, Espanyolen entrenatzailea zenean, 2007-2008 denboraldian.

Larunbat honetan, Ziganda eta Valverde elkarrekin izango dira berriro San Mamesen, baina ez berdegunean, aulkietan baizik. Hiru puntuek bultzada emango liokete Valverderen Bartzelonari Ligako lidergoan; hiru puntu horiek galtzeak, berriz, 'Kuko' egoera are zailagoan jarriko luke. Nafarrak ezinbestekoa du taldearen egoera lehenbailehen zuzentzea.

ehen zuzentzea.