Itxi

Munduko futbol txapelketapelketa

MULTZOEN FASEA

Herbehereak eta Estatu Batuak final-zortzirenetan izango dira

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Damaris Egurrolaren selekzioak aise gainditu du Vietnam (0-7), eta E multzoko lehen postuan sailkatu da; estatubatuarrek, berriz, sufritu egin dute Portugalekin berdinduta (0-0) hurrengo fasera pasatzeko.

  • Damaris Egurrola (ezkerrean) gol bat ospatzen bere taldekideekin batera. Argazkia: EFE

    Damaris Egurrola (ezkerrean) gol bat ospatzen bere taldekideekin batera. Argazkia: EFE

Australia eta Zeelanda Berriko Munduko Txapelketako E multzoko hirugarren jardunaldiak final-zortzirenetarako txartela ekarri die Herbehereetako eta Estatu Batuetako selekzioei.

Dunedin Estadioan, Herbehereetako selekzioak ez du zailtasunik izan Vietnamen aurka, eta 0-7 irabazi dio Asiako taldeari. Lieke Martensen baselina bikain batek azkar ireki du markagailua europarren alde. 0-2koa Katja Snoijsek egin du 11. minutuan, ezkerkada eder batekin, Danielle van de Donken pasea baliatuta. Hirugarren gola, hura ere ikusgarria, Esmee Brugtsek sartu du, 18. minutuan, area kanpotik egindako jaurtiketa baten bidez.

Jill Roordek herbeheretarren aldea handitu du neurketako lehen ordu erdia igaro baino lehen, Dominique Janssenek ezker hegaletik emandako pase on bat sareetara ia nahierara bultzatuta. Bosgarrena Danielle van de Donkek berak egin du atsedenaldiaren aurretik, area txikian izandako errebote bat aprobetxatuta.

Brugtsek, berriz, eskuadrako armiarma-sareak kenduta, seigarrena jarri du markagailuan 57. minutuan, oso urrutitik egindako jaurtiketa batekin. Eta gol-zaparrada ixteko, Roordek ere bere bigarren gola egin du, buruz, kontraeraso batean, 83. minutuan, Stephanie van der Gragtek buruz emandako asistentzia baliatuta. Damaris Egurrola bizkaitarra 62. minutuan sartu da berdegunean, Jackie Groenen ordezkatzeko.

AEBk, aurrera baina sufrituta

Dolores Silva (Portugal) eta Lindsey Horan (AEB) baloi baten lehian. Argazkia: EFE

Dolores Silva (Portugal) eta Lindsey Horan (AEB), baloi baten lehian. Argazkia: EFE

Bestalde, Aucklandeko (Zeelanda Berria) Eden Parken, Estatu Batuetako selekzioak sufritu egin behar izan du hurrengo kanporaketara sailkatzeko, hutsean berdindu baitu Portugalen aurka. Iparramerikarrak nagusi izan dira norgehiagokako zatirik handienean, eta arrisku handia sortu dute Ines Pereiraren ate aurrean. Hala ere, punteria gabe ibili dira, eta zorroztasun falta horrek txapelketatik kanpo geratzetik gertu egotea ekarri dio. Izan ere, Ana Capeta aurrelari portugaldarrak zutoinera bidali du baloia bigarren zatiko luzapenean. Sartu izan balu, bere taldeak aurrera egingo zukeen.

Horrenbestez, Herbehereek eta Estatu Batuek datorren igandean, abuztuaren 6an, jokatuko dute final-zortzirenetako kanporaketa, baina bihar arte ez dute jakingo noren aurka arituko diren.