Itxi

Osasuna

hauteskunde prozesua

Sabalza, Osasunako presidente bigarren aldiz

Agentziak | Erredakzioa

Baieztatu duenez, hauteskundeak egotea nahi izango zukeen, eta 'damu' da bazkideek ez dutelako bozkatzeko aukerarik izan.

  • Luis Sabalza (eskuinean) Osasunako presidente da bigarren aldiz. Argazkia: EiTB

    Luis Sabalza (eskuinean) Osasunako presidente da bigarren aldiz. Argazkia: EiTB

Osasunako presidente kargua hartu du asteazken honetan Luis Sabalzak datozen lau urteetarako, eta, adierazi duenaren arabera, bere bigarren agintaldiari "pozik, erantzukizunez eta ilusio handienarekin" egingo dio aurre.

Sabalzak presidente kargua hartu du bera izan delako hautagai bakarra, 2014ko abenduan gertatu legez; izan ere, hauteskunde batzordeak, estatutuei jarraikiz, ez zituen onartu hauteskundeetara aurkeztu nahi zuten Juan Ramon Lafon eta Victor Alvarezek aurkeztutako aurreabal ekonomikoak.

Ildo horretatik, Juan Ramon Lafonek gaur bertan jakinarazi du auzibide arruntera joko duela, hautagai ofizial bihurtzea galarazi dion estatutuetako artikulua bertan behera gera dadin, eta, horrenbestez, hauteskunde berriak iragarri ditzaten.

Behin, presidente kargua hartuta, Sabalzak prentsaurrekoa eskaini du. Bertan azaldu du ahaztu egin behar direla hauteskunde kanpainan gertaturikoak, eta, presidente den aldetik, uko egin dio auzibide arruntera jotzeko Lafonen erabakiaren gainean iritzirik emateari.

Sabalzaren esanetan, Lafon libre da "bere ideiak" bide horretatik defendatzeko, baina zuzendaritza batzordeak klubaren eta batzordearen beraren interesak defendatuko dituela azaldu du.

Aldi berean, baieztatu du hauteskundeak egin zitezela nahi zuela, eta "damu" da bazkideek bozkatzeko aukera ez izateaz, baina nabarmendu du "estatutuak bete egin behar" direla eta ezin direla zalantzan jarri "ez erakundeak, ez jokoaren arauak".

Gogora ekarri du bazkide konpromisarioek joan zen martxoan batzorde batean "demokratikoki" onartu zituztela estatutu berriak eta ezin direla "arauak urratu".