Itxi

Futbola

Zozketa

Euskal Herriko hamaika talde sartuko dira gaur Erregina Koparen eta Errege Koparen zozketetan

EITB MEDIA

17:00etan, Erregina Kopako final zortzirenak zozkatuko dituzte, tartean hiru euskal talde direla; 13:00etan, Errege Kopako bigarren kanporaketa zozkatuko dute, Euskal Herriko zortzi talde bertan daudela. Erregina Kopa urtarrilaren 13an bueltatuko da, eta Errege Kopa abenduaren 5ean.

  • Erreginaren Kopako eta Errege Kopako hurrengo kanporaketak gaur zozkatuko dituzte. Argazkia: EFE.

    Erreginaren Kopako eta Errege Kopako hurrengo kanporaketak gaur zozkatuko dituzte. Argazkia: EFE.

Euskal Herriko hamaika talde sartuko dira gaur, asteazkenean, 2023-24 denboraldiko Erregina Kopako final zortzirenen eta Errege Kopako bigarren kanporaketaren zozketetan; Madrilen egingo dituzte zozketa horiek. Hain zuzen ere, Erregina Kopako final zortzirenak 17:00etan zozkatuko dituzte, tartean Reala, Athletic eta Alaves daudela, eta lau ordu lehenago, alegia, 13:00etan, hasiko da Errege Koparen bigarren kanporaketako zozketa, euskal talde hauekin: Reala, Athletic, Alaves, Amorebieta, Eibar, Sestao River, Tudelano eta Egues. Erregina Kopako final zortzirenak 2024ko urtarrilaren 13an eta 14an jokatuko dituzte, eta Errege Kopako bigarren kanporaketa, ordea, abenduaren 5ean, 6an eta 7an izango da.

Hala, Erregina Kopako zozketan 16 talde izango dira: alde batetik, hirugarren kanporaketan sailkatzea lortu zutenak, tartean F Ligako Athletic eta Lehen RFEFko Alaves, eta, bestetik, 2022-23 denboraldiko F Ligako azken sailkapeneko aurreneko zortziak, tartean Reala. Guztira, F Ligako 13 talde izango dira, eta Lehen RFEFko hiru. Kanporaketa partida bakarrean jokatuko dute, asteburuz, urtarrilaren 13an eta 14an. Zozketa 17:00etan hasiko da.

Errege Kopari dagokionez, 56 taldek jakingo dute zein aurkari izango duten bigarren kanporaketan; 55ek lehen kanporaketan lortu zuten sailkatzea, eta Amorebietak, aldiz, ez zuen zertan jokatu lehen txanda horretan, zuzenean sailkatuta baitzegoen, 2022-23 denboraldian Lehen RFEFko txapelduna izan zelako. Horrenbestez, euskal talde hauek izango dira zozketan: EA Sports Ligako Reala, Athletic eta Alaves, Hypermotion Ligako Amorebieta eta Eibar, Lehen RFEFko Sestao River, eta Bigarren RFEFko Tudelano eta Egues. Kanporaketa partida bakarrean jokatuko dute, abenduaren 5ean, 6an eta 7an. Zozketa 13:00etan hasiko da.

Gogorarazteko modukoa da Osasuna zuzenean dagoela sailkatuta Errege Kopako final hamaseirenetarako, hau da, hurrengo kanporaketarako, 2023-24 denboraldiko Superkopan lehiatuko baita. Talde gorritxoa 2022-23 denboraldiko Koparen txapeldunordea izan zen, eta horregatik lehiatuko da Superkopan.