Itxi

Futbola

Errege Kopa

Sestao Riverrek Celta estutu du Las Llanasen, baina 1-2 galdu du eta Kopatik kanpo gelditu da

EITB MEDIA

Bizkaiko taldea ondo borrokatu da, eta 1-1ekoa izan du markagailuan, 74. minutuan Unai Nuñezek bere atean sartutako gol baten bidez, baina, handik lau minutura, Douvikasek bere bigarren gola egin du, penaltiz.

3:35
Sestao River-Celta

Sestao River 2023-24 denboraldiko Errege Kopatik kanpo gelditu da ostegunean, Las Llanasen Celtaren aurka 1-2 galduta. Bizkaiko taldea ondo borrokatu da, eta 1-1ekoa izan du markagailuan, 74. minutuan Unai Nuñezek bere atean sartutako gol baten bidez, baina, handik lau minutura, Tasos Douvikasek bere bigarren gola egin du, penaltiz. Horrenbestez, Celta final hamaseirenetarako sailkatu da, eta Sestao Riverrek bigarren kanporaketan amaitu du aurten txapelketa honetan izandako ibilbidea.

Celta bizi zelairatu da, aurreneko gola berehala sartu nahirik, eta, egia esan, gauzatu egin du helburu hori; izan ere, Rafa Benitezen taldea 17. minutuan jarri da aurretik, Douvikasi esker. Sestao Riverrek, baina, gaitasuna izan du jokoa orekatzeko, eta partida ona egin du atsedenaldira arte, bere indarguneak baliatzen saiatuta. Bizkaiko taldearen aurkaria ez da batere eroso ibili lehen zatiko azken minutuetan, baina, atsedenaldian, Galiziako taldeak eskura zuen garaipena.

Zaleek bultzatuta, Sestao Riverrek indar handiagoz jokatu du bigarren zatian, eta, azkenean, 74. minutuan, berdinketa lortu du; Unai Nuñezek egin du gola, nahi gabe, bere atean. Lau minuturen buruan, penalti eztabaidagarri bat baliatuz, Douvikasek Celtaren eta bere bigarren gola egin du; azken finean, gol horrek erabaki du irabazlea.

Bizkaiko taldeak presio gogorra egin du, norgehiagoka bigarren aldiz berdindu nahirik, baina ez da beste golik izan, eta Celta sailkatu da. Sestao Riverrek sendotasuna erakutsi eta maila eman du EA Sports Ligako aurkari baten kontra.

Fitxa teknikoa

1 - Sestao River: Pere Joan; Markel Etxebarria (Asier del Rio, 90. min), Mirapeix, Gaizka Martinez, Alvaro Mateo (Mario Camero, 80. min); Carbonell (Jon Cabo, 46. min), Armando Corbalan, Gete (Kepa Uriarte, 65. min), Aranzabe; Jon Guruzeta (Ibai Sanz, 80. min) eta Leandro.

2 - Celta: Marchesin; Kevin, Starfelt, Unai Nuñez, Ristic; Miguel Rodriguez (Carles Perez, 65. min), Dotor, Beltran, Cervi (Tapia, 88. min); Williot Swedberg (De la Torre, 83. min) eta Douvikas (Larsen, 88. min).

Golak: 0-1, 17. min: Douvikas. 1-1, 73. min: Unai Nuñez, bere atean. 1-2, 78. min: Douvikas, penaltiz.

Epailea: Pablo Gonzalez Fuertes (Asturias). Sestaoko Gete, Mateo eta Pere Joan eta Celtako Miguel Rodriguez zigortu ditu, txartel horia aterata.

Gerkakizunak: Errege Kopako bigarren kanporaketako partida. Las Llanasen jokatu dute, eta 3.700 bat zale bildu dira bertan.