Itxi

Bilbao Basket

AKZIODUNEN BATZARRA

Bilbao Basketek 4,2 milioi euroko aurrekontua onartu du aurtengo denboraldirako

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gorka Arrindak 450.000 euro eskatzen dizkio Bilbao Basketi fitxaketen inguruan egindako azterketa-lanen harira.

  • Bilbao Basketen Akziodunen Batzarra. Argazkia: EiTB

    Bilbao Basketen Akziodunen Batzarra. Argazkia: EiTB

Bilbao Basketen Akziodunen Batzarrean ordezkatuta egon diren akziodunen % 95en babesarekin onartu du denboraldi honetarako aurrekontua. Bertan jasotzen denez, 4,2 milioi euro aurreikusten dira diru-sarrera gisa, eta 3,9 milioi gastu bezala.

Horrez gain, Administrazio Kontseiluak aurreko denboraldiko (2016-2017) balantzea aurkeztu du (Ç36.000 euroko galera islatu du), eta baita epe motzera klubak duen zorra (5 milioi eurotik 1,6 milioira murriztu da).

"Klubak hobekuntza nabaria izan du. Azken lau urteetan epe motzera daukagun zorra gero eta txikiagoa da, eta helburua murrizten jarraitzea da, diru-sarreretan lan egiten jarraitzen dugun bitartean", adierazi du Koldo Mauraza klubeko presidenteak biltzarra bukatu ostean.

Arrindak 450.000 eskatu dizkio klubari

Kontseilariek jakitera eman dutenaren arabera, Bilbao Basketen aurreko akziodun nagusia izan zen Gorka Arrindaren gaiak daramatzan pertsonak 450.000 euro eskatu dizkio Bilbao Basketi fitxaketen inguruan egindako azterketa-lanak ordaintzeko. Horren harira adierazi dute kluba eskaria aztertzen ari dela, eta egokiak iruditzen zaizkion "neurriak" hartuko dituela.

Bestalde, Administrazio Kontseilura beste lau kide berri sartzea onartu dute: Sofía Fernández, Nahia Egaña, Henar Arestizabal eta Javier Larrañaga. Horrenbestez, gaurtik aurrera 11 pertsonak osatzen dute.

Azkenik, Maurazak jakitera eman duenez, azaroaren 27an kargutik kendu zuten Carles Duran entrenatzailearen ordezkariarekin hitz egiten ari dira kontratua behin betiko etetea kudeatzeko. "Ez dago sinatuta, baina oso aurreratuta dago", azaldu du.