Itxi

Bilbao Basket

Asteazkenean, 19:30ean

Bilbao Basketek FIBA Europa Kopako final laurdenetarako txartela ziurtatu nahi du, Gottingen aurkari

EITB MEDIA

Partida asteazkenean jokatuko dute, Alemanian, 19:30ean, eta ETB4k eta eitb.eus-ek zuzenean emango dute. Bilboko taldeak, orain arte, ez du neurketarik galdu txapelketan, eta, garaipena lortuz gero, final laurdenetan izango da.

  • De Ridder eta Pantzar, igandean Real Madrilen aurkako partidan. Argazkia: EFE.

    De Ridder eta Pantzar, igandean Real Madrilen aurkako partidan. Argazkia: EFE.

Surne Bilbao Basketek FIBA Europa Kopako final laurdenetarako txartela ziurtatu nahi du, asteazkenean, Alemanian, Sparkassen-Arena pabiloian, Gottingen taldea aurkari. Bilboko taldeak ez du, orain arte, neurketarik galdu txapelketan, eta, garaipena lortuz gero, final laurdenetan izango da. Norgehiagoka 19:30ean hasiko da, eta ETB4k eta eitb.eus-ek zuzenean emango dute.

FIBA Europa Kopako bigarren multzo faseari dagokion laugarren jardunaldiko partida izango da, K multzoan; hau da, bigarren itzuliko aurreneko partida. Jaume Ponsarnauren taldeak hiru garaipen erdietsi ditu bigarren fasean orain arte jokatu dituen hiru partidetan, eta, hortaz, Gottingenek baino bi garaipen gehiago ditu. Lehenengo jardunaldian, Miribillan aritu ziren nor baino nor gehiago, eta Bilboko taldea gailendu zen, 75-73; Bilbao Basketek Alemanian irabaziz gero, etxeko taldea ia-ia aukerarik gabe geldituko litzateke, eta, bereziki, bermatuta legoke, euskal taldeak multzoko lehen bi postuetako bat lortuko lukeela, hau da, final laurdenetarako sailkatzea eskuratuko lukeela.

Horretarako, baina, ziurrenik Bilbao Basketek Bilbao Arenako partidan baino hobeto jokatu beharko du. Alemaniako taldeak partida hartako azken tartera arte izan zuen irabazteko aukera; azkenean, oso gutxigatik nagusitu zen Bizkaiko taldea, batez ere Thijs de Ridderrek egindako lan bikainagatik (18 puntu sartu zituen eta sei errebote hartu, eta balorazioan 23 izan zuen).

Partida hori irabazita, Bilbao Basketek erakutsi du zergatik den multzoko faboritoa; izan ere, etxetik kanpo jokatutako bi partidatan garaipena lortu du, Portugalen, Portoren aurka, 72-75, eta Bulgarian, Balkan Botevgrad azken sailkatua argi mendean hartuta (62-94). Gottingen, ordea, ez da horren fin ibili: etxean, bi norgehiagoka jokatu ditu; aurrenekoan, 76-70 menderatu zuen Botevgrad, ondo jokatu gabe, eta bigarrenean, aldiz, Porto aurkari, galdu egin zuen, 81-87, luzapenean.

Keith Hornsby eskoltak Real Madrilen aurkako partidan egin zuen debuta, igandean, eta erabat prest dago taldeari laguntzeko; Ponsarnauk jokalari guztiak ditu eskuragarri, 14, bajarik ez baitago, eta, beraz, bi utzi beharko ditu deialditik kanpo.

Arestian esan bezala, partida 19:30ean hasiko da, eta eitb.eus-ek eta ETB4k zuzenean emango dute.