Itxi

Bilbao Basket

FIBA Europe Cup

Bilbao Basketek galdu egin du Alemanian, eta itxaron egin beharko du final-laurdenetara sailkatzeko (82-80)

A. A. | EITB MEDIA

Emaitza horrekin, bilbotarrek, 3-1eko balantzearekin, euren multzoko buruan jarraitzen dute, Portorekin berdinduta. Portugaldarrek Miribilla bisitatuko dute hurrengo jardunaldian. Gottingen 2-2koarekin kokatu da eta, aukerarik gabe, Botevgradeko bulgariarrak daude.

  • Alex Reyes, Gottingenen aurkako joaneko partidan. Argazkia: EFE

    Alex Reyes, Gottingenen aurkako joaneko partidan. Argazkia: EFE

Surne Bilbao Basket ezin izan da Europe Cup txapelketako final-laurdenetara sailkatu da asteazken honetan, galdu egin baitu BG Gottingen Alemaniako taldearen etxean (82-80), txapelketa honetan galtzen duten lehen norgehiagoka izan da.

Bilbotarrek zalantzekin ekin diote neurketari, eta azpitik bukatu dute lehen laurdena (22-18), eta atsedenaldira ere hala iritsi dira (45-34). Jaume Ponsarnauren gizonek oso itxura eskasa eman dute lehen zati horretan. Izan ere, erasoan kamuts azaldu dira, eta defentsan hutsegite nabarmenak egin dituzte, etxekoen mesederako.

Gainera, markagailuan gerturatzeko aukerak izan dituztenean, ez dituzte baliatu. Horrez gain, jaurtiketa libreen marratik erabat oker aritu dira, 13 jaurtiketatik 4 baino ez baitituzte gauzatu lehen 20 minutuetan. Hartara, 11 azpitik bukatu dute lehen zatia beltzezko gizonek.

Bigarren zatiari beste aurpegi batekin heldu diote bilbotarrek, eta neurketari buelta emateko gai izan dira 14 eta 27ko aldeko partzialarekin Melwin Pantzarren gidaritzapean (59-61).

Alabaina, etxekoak, partidaren garrantziaz jabetuta, ez dute amore eman, eta neurketa euren alde jartzea lortu dute berriro ere, duten baliabide nagusienetako bat baliatuta: hiruko jaurtiketak. Guztira 13 erdietsi dituzte norgehiagokan zehar Gottingenekoek; bilbotarrek, aldiz, 8.

Zazpi puntuko zuloa zabaldu dute (76-69 eta 78-71), eta hori defendatzeko gai izan dira amaierara arte, Bilbao Basketen azken ahalegina ezerezean utzita. Dena den, Keith Hornsbyk, beltzezko gizonen azken fitxaketak, azken segundoan sartutako hirukoari esker, bilbotarrek average partikularra berdindu du Alemaniako taldearekin, 75-73 galdu baitzuen Bilbon.

Ondorioz, markagailu horrekin, bilbotarrek, 3-1eko balantzearekin, euren multzoko buruan jarraitzen dute, Portorekin berdinduta. Portugaldarrek Miribilla bisitatuko dute hurrengo jardunaldian. Gottingen 2-2koarekin kokatu da eta, aukerarik gabe, Botevgradeko bulgariarrak daude.

Fitxa teknikoa:

82 - BG Gottingen (22+23+14+23): Gibson (6), Hume (6), Anticevich (6), Silins (17), Rich (4) -hasierako bostekoa-; Ensminger (9), Zugic (5), Monninghoff (16), Wullner (-), De Julius (13) eta Hartwich (-).

80 - Surne Bilbao Basket (18+16+27+19): Pantzar (19), Adam Smith (8), Rabaseda (2), Andersson (2), Killeya-Jones (15) -hasierako bostekoa-; Kullamae (6), Hlinason (8), Hornsby (14), Reyes (1), De Ridder (5) eta Rigo (-).

Epaileak: Dariusz Zapolski (Polonia), Franko Gracin (Kroacia) y Juozas Barkauskas (Lituania). Ez dute inor kanporatu.