Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak laugarren partida behartu du, erakustaldia emanda (93-72)

Erredakzioa

Garaipen handia lortu du Caja Laboralek CSKAren, Ettore Messinaren talderen, aurka. Laugarren partida ostiral honetan jokatuko da.

1:17

Caja Laboralek Euroligako final-laurdenetako laugarren partida behartu du, neurketa zoragarri batean, CSKA Mosku gaindituta (93-72).

Ondo aritu dira baskoniarrak lehen laurdenean. Taldeak kontzentrazioari eutsi dio, eta defentsa txukuna egin du. CSKA galduta zebilen. Weemsek estreinatu du Buesa Arenako markagailua, eta Nocionik sartu du etxekoen aurreneko saskiratzea. Tabaken taldea zazpi puntuko aldea izatera iritsi da, baina lehen laurdena 15-14 amaitu da.

Bigarren laurdenean, partida berotu egin da, eta epaileak falta teknikoa adierazi die Teodosici eta Nocioniri, liskar txiki baten ondorioz. Buesa Arenako zaleak uneoro aritu dira taldea animatzen, eta Baskoniaren jokoa ezin hobea eta orekatua izan da tarteka. Atsedenaldira, hemeretzi puntuko errentarekin heldu da Baskoniak (43-24).

Hirugarren laurdenean ere lotsa eta beldur barik egin dio aurre Caja Laboralek CSKAri. Ettore Messinaren taldea amore ematen hasi da, eta Baskoniak puntu festarekin jarraitu

Neurketaren dinamika antzekoa izan da azken laurdenean. Zan Tabakek ahalik eta abantaila handiena nahi zuen, eta, horregatik, dena emateko eskatu die bere jokalariei. Azkenean, 21 puntuko aldea lortu dute. Thomas Heurtel izan da neurketako saskiratzaile nagusia, 21 puntu eginda.

Caja Laboral Baskonia eta CSKA Mosku taldeen arteko laugarren partida ostiral honetan, hilaren 19an, jokatuko da Buesa Arenan, 20:30etik aurrera (zuzenean eitb.com-en eta ETB-1en.

Fitxa teknikoa:

Caja Laboral: Cook (5), Causeur (5), Nocioni (10), M.Bjelica (15) eta Lampe (6) --hasierako boskotea-- Heurtel (21), San Emeterio (9), Calbarro (-), Jelinek (-), N.Bjelica (13) eta Pleiss (9).
CSKA Mosku: Teodosic (9), Weems (10), Khryapa (-), Kaun (-) eta Erceg (10) --hasierako boskotea-- Jackson (11), Micov (11), Papaloukas (-), Sokolov (4), Krstic (12), Ponkrashov (5) eta

 Vorontsevich (-).
Partzialak: 15-14, 28-10, 27-15, 22-33.