Itxi

Baskonia

Garaipena Buesa Arenan

Baskoniak nagusitasunez berdindu du kanporaketa (90-70)

Agentziak | Erredakzioa

Sito Alonsoren taldeak hasieratik menderatu du partida eta 20 puntuko aldearekin gailendu da. Ondorengo partida Valentzian jokatuko dute.

10:16

Baskoniak ez dio Valentzia Basketi aukerarik eman Endesa Ligako titulua irabazteko finalerdietako bigarren partidan eta 20 puntu aldearekin gailendu da, 90-70, Buesa Arenan.

Partida hasieran, valentziarrek bost jaurtiketa libre huts egin dituzte jarraian eta horri esker arabarrek lehen aldea zabaldu dute markagailuan (16-11). Alde horri eustea lortu dute, erasoko errebotean lortutako bigarren aukerei eta Rodrigue Beauboisek laurdenaren amaieran sartutako hirukoari esker (21-16).

Bigarren laurdenaren hasieran, valentziarrak aurretik jarri dira, 26-28, baina Ledo agertu da eta egoera iraultzea lortu du. 17 puntu egin ditu lehen zatian Ledok. Baskonia 46 eta 41 aurretik iritsi da atsedenaldira.

Atsedenaldiak hobe egin dio Pedro Martinezen taldeari, baina Baskoniak garaiz erreakzionatu du eta amaierarako 10 minuturen faltan 66 eta 57 izan dira aurretik.

Amaierarako sei minuturen faltan, Adam Hangaren hiruko batek partidako zulorik handiena egin du markagailuan: 73-59.

Norgehiagoka 90 eta 70 amaitu da, eta finalerdietako kanporaketa bana dago orain. Beste bi partida jokatu beharko dira, eta biak La Fontetan.

 

Fitxa teknikoa

90 - Baskonia (21+25+20+24): Larkin (5), Hanga (18), Ledo (24), Shengelia (13), Voigtmann (2) -hasierako boskotea-, Beaubois (5), Tillie (7), Diop (3), Blazic (3), Laprovittola (10) eta Sedekerskis (-).

70 - Valencia Basket (16+25+16+13): Diot (16), Rafa Martínez (4), San Emeterio (6), Sikma (-), Kravtsov (2) -hasierako boskotea, Dubljevic (6), Vives (1), Sastre (7), Sato (19), Will Thomas (5) eta Oriola (5).

 


t="utf-8">