Itxi

Baskonia

Euroligako 8. jardunaldia

Hiruko marratik eraginkor agertu den Baskoniak Zalgiris azpiratu du (77-97)

Erredakzioa

Kanpo marratik erakutsitako jarioari esker (29t saiakeratik 17 hiruko sartu dituzte), gasteiztarrek bigarren garaipena lortu dute jarraian Euroligan, hiru dituzte guztira.

  • Baskoniako jokalariak elkarrekin garaipena ospatzen. Argazkia: EiTB

    Baskoniako jokalariak elkarrekin garaipena ospatzen. Argazkia: EiTB

Baskoniak Zalgiris Kaunas hartu du mendean ostegun honetan (77-97), Euroligako zortzigarren jardunaldian. Horrenbestez, gasteiztarrek bigarren garaipena lortu dute jarraian txapelketa horretan, eta bolada onean daudela berretsi dute. Gaurko partida ia erabakita zeukaten bigarren laurdenerako, tarte horretan sartutako zortzi hirukoren bidez, baina azken laurdenean apur bat sufritzea egokitu zaie.

Atsedenaldira 22 puntuko abantailarekin iritsi dira gasteiztarrak, baina hirugarren laurdenean apur bat erlaxatu dira, eta garaipen erreza zirudiena zaildu egin da une batez, baina Rodrigue Beaubois eta Jayson Grangerrek erdietsitako hirukoek bere onera ekarri dute zeukaten abantaila.

Baskoniako jokalariek hobeto ekin diote partidari Granger eta Shengeliaren eskutik (4-12, 4. minutuan), baina apurka-apurka erritmoa jaitsi dute, eta Sarunas Jasikeviciusen aginduetara dauden lituaniarrek hobera egin dute, eta bigarren laurdenaren hasieran lortutako 8-0eko partzialarekin neurketa berdindu dute; alabaina, ez die asko iraun poztasunak.

Izan ere, ordutik aurrera eta bigarren laurdena bukatu bitartean, Pedro Martinezen mutilek minutu harrigarriak jokatu dituzte, batez ere hiruko marratik. Tarte horretan zortzi hiruko sartu dituzte (Rodrigue Beauboisek, hiru, eta Grangerrek, bi, besteak beste). Hartara, 1-20eko partziala lortu dute euren alde, eta partida hautsi dute atsedenaldira heldu orduko (32-54).

Aldageletatik bueltan, kanpokoek martxa berean jarraitu dute, eta beste bi hirukorekin alderik handiena bereganatu dute (38-64, 23. minutuan). Aitzitik, une horretan, Baskoniako jokalariak partidatik joan dira: hainbat baloi galdu dituzte eta presaka eta zehaztasunik gabe egin dute eraso, eta etxekoek 13-0eko partziala egiteko gai izan dira. Laugarren laurden hasieran, zazpi puntu behetik ziren bakarrik.

Baina garaipena kolokan zegoen unean, kanpoko marratik erakutsitako emankortasuna itzuli da, Beaubois (9tik 6) eta Grangerri (5etik 4) esker.

Norgehiagokako alderdi negatiboa Jordan McRaek jarri du, ezkerreko sorbaldan min hartuta utzi behar izan du kantxa hirugarren laurdenean, hau da, bere azken lesioa izan zuen leku bera mindu du.

Fitxa teknikoa:

Zalgiris Kaunas 77: Pangos (-), Milaknis (10), Micic (12, Jankunas (20 eta Davies (4) -hasierako bostekoa-; Bost (-), Kavaliauskas (4), Ulanovas (5), Toupane (6), Valinskas (7), White (9) eta Sajus (-).

Baskonia 97: Granger (14), Janning (11), Timma (8), Malmanis (3) eta Voigtmann (15) –hasierako bostekoa- Shengelia (19), Marcelinho (2), Beaubois (19), McRae (2) eta Poirier (4).

Partzialak: 15-21, 17-33, 25-16 eta 20-27.

Epaileak: Damir Javor (Eslovenia), Joseph Bissang (Frantzia) eta Petros Papapetrou (Grezia). Ez dute inor kanporatu.