Itxi

Baskonia

OSTIRALEAN, 20:30EAN

Olinpiakosek Baskoniaren sasoi-puntua zein den erakutsiko du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Greziarrak sailkapenaren buruan daude Moskuko CSKA taldearekin berdinduta (12-4ko balantzea dute), eta jokatu dituzten azken hamar norgehiagoketatik bi bakarrik galdu dituzte.

Olinpiakos talde greziarrak Buesa Arena bisitatuko du ostiralean (20:30), Euroligako hamazazpigarren jardunaldian, eta aurkari horrek Baskoniaren sasoi-puntua zein den erakutsiko du.

Gasteiztarrek denboraldi honetan, Europako lehiaketan, lau partida besterik galdu ez dituen taldea hartuko du etxean. Greziarrak sailkapenaren buruan daude Moskuko CSKA taldearekin berdinduta (12-4ko balantzea dute), eta jokatu dituzten azken hamar norgehiagoketatik bi bakarrik galdu dituzte. Horrenbestez, Europako txapelketa nagusia irabazteko hautagai nagusien artean daudela baieztatzen ari dira beste behin ere.

Bere aldetik, Baskonia bederatzigarren dago sailkapenean (7-9), hurrengo faserako sailkapena ematen duen zortzigarren postutik garaipen bakarrera. Une honetan Khimki talde errusiarraren eskuetan dago toki hori (8-8).

Ostiraleko lehiari begira, Pedro Martinez Baskoniako entrenatzaileak ezin izango du Luca Vildoza erabili, min hartu baitu ostegun honetan.

Olinpiakosek aurten galdu dituen lau partidetatik hiru etxetik kanpo izan dira, eta, hartara, arabarrek espero dute Vassilis Spanoulis joko-antolatzailearen aginduetara mugitzen den taldea esku hutsik ateratzea Gasteizetik.

Aitzitik, talde greziarra Baskoniaren mamu beltzetako bat da (galtzaile atera dira haien kontra jokatu dituzten azken sei neurketetan); gainera, lehiaketako defentsa onena egiten ari dira orain arte (73 puntu baino gutxiago jaso ohi dute partida bakoitzean).

Ioannis Sfairopoulos entrenatzaileak zenbait baja izango du norgehiagokari begira: hala, Dimitris Agravanis eta Kim Tillie Baskoniako jokalari ohiak ez dira jokatzeko moduan egongo denboraldi amaierara arte. Brian Roberts zalantza da.

Bestalde, itxura guztien arabera, Georgios Printezis eta Nikola Milutinov jokatzeko moduan egongo dira, hainbat jardunaldi taldetik kanpo egon eta gero aurreko jardunaldian kantxetara bueltatu baitziren.

Lehenengo itzulian Kretan (Grezia) jokatutako neurketan, greziarrek lortu zuten garaipena (75-64).