Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Euskal Telebistako programazio berria 2017-2018 denboraldian

telebista

Parrilaren aurkezpena

'Izan Invictus' eta 'Juego de Cartas' saio berriak, ETBko programazioan

2017/09/08

Euskal Telebistak denboraldi berria aurkeztu du Gasteizko FesTVal jaialdian. Saio berrien artean aipatzekoak dira 'Izan Invictus' eta 'Gure Kasa' ETB1en, eta 'Juego de Cartas' eta '7 Días' ETB2n.

1:14
  • Partekatu
  • Bidali

Iruzkinak

Euskal Telebistak hasi berri dugun denboraldiko programazioa eta saio berriak aurkeztu ditu Gasteizko FesTVal telebistari buruzko jaialdiaren barnean. Aurten hainbat saio berri estreinatuko ditu kate guztietan. Horien artean, aipatzeko modukoak dira 'Izan Invictus', 'Gure Kasa', '7 Días' eta 'Juego de Cartas' saio berriak eta hainbat saio arrakastatsuren itzulera, 'Ur Handitan' eta 'Go!azen' esaterako.

ETB1ekin hasita, Xabier Madariagak gidatzen duen 'Ur Handitan' erreportaje saioak denboraldi berriari ekingo dio datorren asteartean. Gizartean interesa eta kezka pizten duten aktualitatezko gaiak sakonean aztertzen jarraituko dute, gertutasunez, zuzeneko lekuko eta aditu ezberdinen iritziak jasoz. Datorren astearteko Ateak itsasoari atalak, hain zuzen ere, Melillara bidaia egingo du, eta Kataluniako erreferendumari buruzko saioa eskainiko dute laster.

Udazken honetan ETB1eko eskaintza osatzera datozen saio berrietako bat dugu 'Izan Invictus'. Julian Iantzik aurkezten duen reality saioak munduko oztopo lasterketa latzetan parte hartzeko prestatuko ditu 18 lehiakide zortzi astez. Gutxi batzuek eskuratuko dute txartela, eta sailkapen onena lortzen duen lehiakidea 'menderakaitz' bihurtuko da. Laster izango da ikusgai.

ETB1era ere badator beste berrikuntza bat: etxeko txikienei zuzendutako bi tarte irekiko dira irailaren 18tik aurrera, astelehenetik ostiralera bitartean: goizeko zazpietan, '3txulo' saioan, 2ttor, 4ra, Xbel, Izeba Kattalin eta Gorritxoren abenturez gozatu ahal izango dute, ohiko tarteekin batera (eskulanak, sukaldaritza, zorion agurrak...). Arratsaldeko zazpietan, '3txulo Jokoan' lehiaketan, sariak irabazteko aukera izango dute Amaia eta Luki azeriarekin jolastuz.

Astelehenetik ostegunera, iluntzeko 'Gaur Egun' albistegiaren ostean, urriaren 2an hasita, 'Gure Kasa' izango dugu ikusgai. Gazteentzako saio berriak bi osagai nagusi izango ditu: Kutxa beltza izango da batetik, euren bizitzari buruzko informazioa emango digun edukia, eta platora etorriko den kolaboratzaile sare zabala bestetik, Saregileak izenekoa, gazteei interesatzen zaizkien gaien inguruan aritzeko. ETB1eko saio berria Gaztea Irratiarekin elkarlanean arituko da eta talentuen lehiaketa bat izango du. Julen Telleria izango da aurkezle nagusia, eta Antton Telleria eta Ainhoa Etxebarria izango ditu lagun.

Orobat, urrian izango dugu berriro programazioan 'Go!azen' telesail arrakastatsua. Lehendabizi, udaberrian egindako castingaren nondik norakoak erakutsiko dituzten lau saio berezi eskainiko dira, eta Basakabi udalekuko abentura berriak helduko dira ondoren; umorea, maitasuna, dantza eta musika uztartuko dituztenak. Aurten, alor eta estilo ezberdinak ekartzeko ahalegina eginez, Kukai dantza taldearen eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren parte hartzea izango dute.

60 herri baino gehiago bisitatu ostean, ibilbide berri bati ekiteko prest dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi. Halere, urriaren 8ra arte itxaron beharko dugu 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioaren atal berriak ikusteko. Gainera, sorpresaren bat dute gordeta aurtengo denboraldirako.

Irailaren 21ean itzuliko da 'Baskoniako Historia Bat' dokumental sorta. Alberto Santanak gidatzen duen saioak historiaren kontaketa berria eta bizia egin asmo du, garaian garaiko ikerketekin eta datuekin idatzitakoa, eta irudi erakargarriekin jantzia. Ostegun gauetan izango da ikusgai.

'Gailurra Xtreme Perdido' saioa abenduaren amaiera aldera iritsiko da, lehiaketa formatuan. Hamar abenturazalek, Ibon Gaztañazpi lagun dutela, Pirinioak zeharkatzen dituen GR11 ibilbidearen zati bat (Higer lurmuturretik Monte Perdidoraino) osatu beharko dute zortzi etapatan.

Berebat gazteei zuzendutako eskaintza osatze aldera, Kataluniako telebistako 'Merlí' telesail arrakastatsuaren eskubideak eskuratu ditu ETBk, baina emisio data zehaztu gabe dago oraindik. Irakasteko metodologia bereziak dituen Merlí Bergeron (Francesc Orella) filosofia irakaslearen inguruko gorabeherak biltzen ditu telesailak.

Bestalde, Bertsozale Elkartearekin elkarlanean, aurten jokatuko den 17. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren inguruko saioa egingo du ETBk 'Aulki-Jokoa' izenburupean. Astelehen gauetan izango da ikusgai, urriaren amaieran hasita. Halaber, 'Hitzetik Hortzera' saioak asteroko bertso jardunaren errepasoa egiten jarraituko du igande bazkalosteetan.

Euskal Herrian alor eta esparru ezberdinetan egiten diren lanek euren erakusleihoa dute ETBn: 'Zinez', ikus-entzunezkoen munduko film eta dokumentalei eskainitako tartea; 'EiTB Kultura-Transit', sormen munduko nobedade eta barrunbeetan zehar bidaia egiten duen saioa; eta 'Teknopolis', zientzia, teknologia eta berrikuntzaren munduko ikerketen erakustokia. Elhuyarrek eta ETBk ekoitzitako saioak 20. denboraldiari ekingo dio.

Udazken honetan 'Oholtzan' saioak eskainiko dituen emanaldien artean, Gozategi, Akelarre eta Puro Relajo taldeen kontzertuak eta kaleko hainbat ikuskizun ditugu: 'Euskal Herria Gasteizen Kantari', Bilbon grabatutako 'Taberna Ibiltaria', Donostian antolatutako Nafarroako jota eta mariatxien jaialdia, eta Beran grabatutako 'Mexikotik Kantari'.

Astelehenetik ostiralera bitarteko programazioaren egiturak bere horretan jarraituko du: eguneko lehen albiste kontakizuna egingo du Estepan Aldamiz-Etxebarriak 'Egun On Euskadi' saioan, goizeko bederatzietan hasita. Bazkalostean, berriz, elikadura osasuntsuaz eta kirola egitearen garrantziaz, betiko euskal sukaldaritzaz eta munduan zehar egiten denaz arituko zaigu Zigor Iturrieta 'Txoriene' saioan.

'Ahoz Aho' saioak hartuko dio lekukoa. Guztion ahotan dabiltzan gaurkotasuneko gaien analisi eta eztabaidarekin batera, kulturari tarte zabala eskainiko diote Amaia Cayerok, Ruben Abalek eta Ilaski Serranok. Saioa Martija arduratuko da aktualitatea patxadaz aztertzeaz astearte gaueroko 'Ahoz Aho +' saioan. Bestalde, Ipar Euskal Herriko berrien kontakizuna egiten jarraituko du 'Iparraldearen Orena' saioak arratsalde erdian.

ETB2

Lau saio berri estreinatuko ditu ETB2k udazken honetan. Lehenengoa, 'Juego de Cartas' lehiaketa, Javi Sierra sukaldariak gidatuta, datorren astelehenean. Gastronomia, bat-batekotasuna eta umorea uztartuz, Euskal Herriko lau jatetxe jarriko ditu aurrez aurre astero. Bost kategoriatan lehiatuko dira jatetxeak, eta lehiakideek erabakiko dute lau jatetxe horien artean zein den onena.

Irailaren 15etik aurrera, '7 Días' asteroko eztabaida saioa izango dugu ikusgai, Estibaliz Ruiz de Azuak gidatuta eta Arantza Ruizen zuzendaritzapean. Arantza Ruiz bera ere platoan izango du lagun Estibaliz Ruiz de Azuak. Asteko gai nabarmenen gakoak ulertzeko ezinbesteko debatea izango da.

'A Bocados' dugu hirugarren saioa. Astelehenetik ostiralera, gaueko 'Teleberri' albistegiaren atarian, Ander Gonzalez sukaldariak eta Gabriela Uriarte nutrizionistak sukalde kontuak ekarriko dituzte. Errezetak, erreportajeak eta elikatzeko ohitura onak izango ditu ardatz arratsaldeko saio berriak.

'A Bocados' saioa ETB2ko arratsaldeko entretenimendu eskaintza indartzera dator. Ion Aramendiren '¡Qué Me Estás Contando!' magazinak solasaldi lasaiak, aktualitate sozialeko pertsonaiei egindako elkarrizketak, erreportajeak eta kaleko lehiaketa dibertigarriak biltzen ditu. 'El Programa de Klaudio' tarteak aktualitatea du ardatz: albisteen azterketa, iritzi bilduma eta azken ordukoa, zuzeneko konexioen eta kazetari adituen kroniken bidez. Denboraldi honetan, Adela Gonzalez kazetaria Klaudio Landaren saioan izango dugu, eta Andoni Agirregomezkortak gidatzen duen Dale Una Vuelta!' lehiaketarekin, ondo pasatzeaz gain, diru kopuru polit bat eraman dezakegu etxera.

'Vaya Familia' dugu udazkeneko beste nobedadeetako bat. Familia arteko gorabeherak ardatz dituen kamera ezkutuko saioa dugu: gizon edo emakume batek bere bikotekidearen familia ezagutu behar du lehen aldiz. Alabaina, aurrez aurre izango dituen ezkonsenideak ez dira benetakoak izango, berak hala uste arren. Miriam Cabeza aktoreak egingo ditu gidari lanak programa horretan.

Udan estreinatutako 'Como Pez en el Agua' saioaren atal berriak ere izango ditugu, etenalditxo bat egingo badute ere. Oraindik ere hainbat ofizio dituzte ikasteko Anjel Alkain, Maribel Salas eta Gorka Aginagalde aktoreek. Halaber, 'Con el Verano a Cuestas' saioko lantaldearen eskutik, 'Con la Calle a Cuestas' erreportaje saioa izango dugu ikusgai laster. Udako saioaren ildoari eutsiz, astero gai bat aztertuko du ikuspuntu ezberdinetatik, modu alai eta dibertigarrian.

Astearte gauero, Felix Linaresek aurkezten duen 'La Noche de…' saioak, atal klasiko eta arrastatsuekin batera, tarte berriak estreinatuko ditu. Horrez gainera, orain arte bezala, film berri eta ezagunenak eskainiko ditu. 23. denboraldiari ekingo diote aurten.

Xabier Lapitzek gidatzen duen 'En Jake' saioak informazio eta iritzi politikoa, ekonomikoa eta soziala ekarriko du astelehenetik ostiralera eguerdian, 12:00etan. Jarraian, eguerdiko ordutegian ikus-entzuleen aukera kuttunena bilakatu den 'Atrápame Si Puedes' lehiaketa izango da ikusgai. Patxi Alonsok aurkezten duen saioa identitate markak sendotuta dator kurtso honetan, ezaugarri dituen entretenimendua, umore ona eta galdera ezohikoekin batera.

Astebarruko ohiko atalez gain, 'ASP Finde' asteburuko saio bereziak ere hasi dira. Bertan, programatik pasatu diren lehiakide dibertigarrienak izango dira nor baino nor gehiago.

Asteburuko entretenimendu eskaintza osatzera dator berriro 'Historias a Bocados' irailaren 16an. Ander Gonzalez herriz herri ibiliko da, bertako produktuak dastatzen eta sukaldaritzarekin lotutako istorioak eta pertsonak ezagutzen.

Albistegiak eta kirolak

Irailaren 4an jarri zen abian ETBko albistegien denboraldi berria. Emaitza bikainak izan dituzte aurten ere uztailean eta abuztuan Euskadin lider izan diren albistegiek, eta euskal ikus-entzuleen informazioa jasotzeko gogoa asetzen jarraitzea da helburu nagusia.

'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietako kirol tarteetan, euskal kirolarien eta kirol taldeen jardunak izango du lehentasuna. Gure futbol taldeek jokatzen duten egunetan, laburpenak eta protagonistekin elkarrizketak eskainiko dituzte 'Gol Festa' saioan. Bestalde, igandeetako 'Oreka' saioak iraupena luzatuko du, 11:30etik 14:00etara, zuzeneko emanaldiez gain, erreportajeak eskaintzeko.

Ostiral gauez eta larunbat eta igande arratsaldez, pilota eskainiko du ETBk esklusiban. Logroñoko San Mateo feria izango da udako azken torneoa, eta haren ondotik, urtero legez, txapelketa nagusiak etorriko dira: lau t'erdikoa lehenengo, eskuz binakakoa ondoren, eta buruz burukoa azkenik.

Bigarren B Mailako futbol partiden zuzeneko emankizunek, herri kirolen tarteak, eta 'Boxeo Izarrak', 'Abentur@roa' eta 'Mara Mara' saioek osatuko dute ETBren kirol eskaintza.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea:
  • Gaur egun

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea
Telesaila Basakabi udalekuetako gazteen gora-beherak Telesaila
Gure Kasa Gazteen sentimenduak azaleratzen dituen saioa Gure Kasa
Ur Handitan Gizarteko gaien erreportaje sakonak Ur Handitan
Oztopo lasterketa Abenturazko realitya Oztopo lasterketa
Publizitatea
Prentsa Aretoa Prentsa oharrak, deialdiak, agenda, fototeka,… Prentsa Aretoa
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena