Itxi

telebista

'Erretratuak'

ETAren biktimei buruzko dokumentalak emitituko ditu ETBk

Erredakzioa

Dokumental sailak, 10. urteurrena gogoan duela, Euskadi eta Nafarroan izandako atentatuen biktimak hartuko ditu ardatz lehen hiru ataletan.

"Retratos-Erretratuak" izeneko dokumental saila aurkeztu zuen atzo EITBk. ETAk Euskadi eta Nafarroan 2000. urtean egindako atentatuetan kokatzen da dokumental sorta. Urte horretako biktimak oroitu nahi ditu lan honek eurengandik hurbil zeuden pertsonen lekukotasun eta kontakizunaren bidez.

Gaur emango den lehen atala Jose Luis Lopez de la Calle, Jesus Mari Pedrosa eta Juan Mari Jauregiri buruzkoa izango da. 2000.eko maiatzean, ekainean eta uztailean egin zituen atentatuetan hil zituen ETAk.

Gidoia lantzeko alargunen, lagunen eta lankideen testigantza zuzena izan dute. Bizipen eta pasadizoen bidez biktimaren erretratua egin dute, soslai pertsonal eta pribatua erakutsiz; alderdirik bihurri, aktibista eta traketsena; beraien oinarri etikoak; izaera, eta besteekin harremanetan jartzeko modua azalduko dituzte.

Dokumental sail honek pertsona azpimarratzen du beste edozeren gainetik, euren eguneroko bizitza eta bizitzan egindako bidea nabarmentzen du. Helburu honekin eta 30 minututan, dokumentalak protagonisten erretratu bisuala egiten du. Euren herrien barrena bidaiatuz, argazki bilduma pertsonalak erakutsiz eta lekukoen gertuko laguntzarekin. Atentatuaren eguneko artxibo irudiak ez erabiltzeko asmoa ere nabarmen gelditzen da.

2000. urtean Euskadi eta Nafarroan soil-soilik bederatzi lagun hil zituen ETAK. Espainiako Estatu osoan 22 izan ziren hildakoak. ETAren atentatu hauek su etena apurtu ondoren kokatzen dira, 1999ko azaroan hitzartutako Lizarrako Itunaren ostean.

Dokumental sailak, 10. urteurrena gogoan duela, Euskadi eta Nafarroan izandako atentatuen biktimak hartuko ditu ardatz lehen hiru ataletan, eta laugarrengo atalean, laburbilduta, 2000. urteko biktima guztiak oroituko dituzte.

Lehenengo atala

Lehen atalean, Jose Luis Lopez de Lacalleren erretratuan, Mari Paz Artolazabal alargunak eta Patxi Baztarrika eta Txus Muñozek hartzen dute parte. Jesus Mari Pedrosaren erretratua egiteko, berriz, Carmen Hernandez alarguna eta Juan Manuel Micolta, Juan Antonio Amo eta Marisol Martinez lagunek parte hartu dute. Azkenik, Juan Mari Jauregiren soslaian Maixabel Lasa alargunak eta Tomas Tueros, Joxe Mari Etxeberria eta Jose Ramon Arriaran lagunek parte hartuko dute.

"Erretratuak-Retratos"en lehen gaur ETB-1en izango da ikusgai "Gaur Egun" albistegiaren ondoren, 21:00etan, eta "Teleberri"ren ondoren ETB-2n, 22:00etan.