Itxi

2021/03/03

12:38

EITB TALDEA

IOS eta Android

EITB Albisteak eta EITB Nahieran aplikazioak aurkeztu ditu EITBk

EITB Media

Aplikazioak indartu eta bi app berri jarri ditu martxan EITBk: bat albisteetarako eta beste bat nahieran edukietarako. Euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dituzte edukiak eta jada eskuragarri daude.

1:53
Lontzo Sainz eta Arantza Ruiz. Argazkia: EITB Media
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Euskal Irrati Telebistak bi aplikazio mugikor berri ditu albisteak eta edukiak nahieran eskuratzeko, orain arteko aplikazioa (EITB) ordezkatuz: EITB Albisteak eta EITB Nahieran. Horrela, EITB Mediak iOS eta Android gailuetan bere edukiak berritu eta indartu ditu, smartphoneetarako zein tabletetarako.

Asteazken honetan, martxoak 3, egin da EITB Albisteak eta EITB Nahieran aplikazio berrien aurkezpena EITBren Bilboko egoitzako sarrera nagusian. Arantza Ruiz EITB Mediako Albistegietako zuzendariak eta Lontzo Sainz EITBko Transformazio Digitaleko zuzendariak hartu dute parte aurkezpen ekitaldian.

Lontzo Sainzek aplikazioen ezaugarrien berri eman du, pantailetan egindako aurkezpenaren bitartez. Arantza Ruizek, bestalde, EITB Taldeak informazioaren esparruan egindako lana nabarmendu nahi izan du ekitaldian. "Informazioan erreferente izatea da helburua. Gertuko albisteak zein nazioartekoak lantzea, profesional talde onenarekin", azpimarratu du. "Albisteen Aplikazioa da hedabide guztiek -irratiak, telebistak eta webguneak- egiten duten ahalegin handi horren isla", gaineratu du. Horrez gain, EITB Nahieran app berrian edozein unetan eta edonola irrati zein telebista saioez gozatzeko aukera dagoela ere azpimarratu du aurkezpenean, eta norberaren telebista eta irrati saio gogokoenak biltzen dituen Nire zerrenda aukera ere nabarmendu du.

(eitb.eus-eko lantaldeko hainbat kide. Argazkia: EITB Media)

Eskuragarri jada

Albisteen aplikazio berria Play Store (EITB Albisteak) eta Apple Store (EITB Albisteak) plataformetan dago eskuragarri. Orain arteko aplikazioa (EITB) deskargatuta duten erabiltzaileen kasuan, horiek eguneratu, eta albisteen aplikazio berria instalatuko zaie. Nahierako edukien aplikazioa izateko, berriz, EITB Nahieran aplikazio berria deskargatu behar da kasu guztietan, iOS (EITB Nahieran) eta Android (EITB Nahieran) sistemetarako.

Bi aplikazioetako bat aukeratzeko edo biak instalatzea errazteko, batetik bestea deskargatzeko aukera ematen dute biek.

Azken albisteak eta saioetako jakinarazpenak

EITBren bi aplikazio berriek euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dituzte edukiak, eta erabiltzaileen esperientzia lehenetsi dute. Horrela, nabigazio erraza eta azkarra eskaintzen dute, eta diseinu oso atsegina dute. Gainera, EITB Albisteak aplikazioan, azken ordukoak jasotzeko aukera dago, eta EITB Nahieran aplikazioan, irrati zein telebista saioetako edukiei buruzko jakinarazpenak izateko harpidetza egiteko modua.

Aplikazio batean zein bestean, munduko edozein tokitatik entzun daitezke taldeko 6 irratiak zuzenean: Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EITB Musika eta Euskal Kantak. Halaber, ETB1, ETB2 eta EITB Basque nazioarteko kanalak daude ikusgai.

EITB Albisteak aplikazioak berri nagusiak eskaintzen ditu atarian, atalka, eta edukien artean, kirol esparrukoak, eguraldikoak eta informazio korporatiboa topa daitezke, formatu askotan: testuak, audioak, bideoak eta argazkiak. Era berean, telebistan emandako azken albistegia ikus daiteke ("Gaur Egun" zein "Teleberri") eta gaurkotasuneko ekitaldien zuzeneko bereziak.

EITB Nahieran aplikazioan, euskal komunikazio taldeko irrati eta telebista saio guztiak ikus eta entzun daitezke. "Nire zerrenda" ere egin daiteke, erabiltzaile bakoitzaren irrati eta telebista programa gogokoenen hautaketa pertsonalizatua, hain zuzen.

Telebistako edukiek bilatzaile bat dute, eta hizkuntzaren eta generoaren arabera daude sailkatuta: filmak, telesailak, albistegiak, kirolak, kultura, musika, umorea, dibulgazioa, dokumentalak… Irratiko edukiak, aldiz, irratiaren eta programaren arabera daude antolatuta.

Guztira, 5 aplikazio

Bi aplikazio berriez gain, EITBk iOS eta Android gailu mugikorretarako beste hiru aplikazio ditu: Gaztea (Play Store eta Apple Store), gazteentzat; 3kluba (HIRU3) (Play Store eta Apple Store), haurrentzat; eta Go!azen EITB (Play Store eta Apple Store), telesaila jarraitzen duten haur eta gazteentzat.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;