Itxi

EITB TALDEA

IOS eta Android

EITBren aplikazio berriek 100.000 erabiltzaile bakarren langa gainditu dute

EITB Media

EITB Albisteak eta EITB Nahieran dira app berriak, albisteetarako eta nahieran edukietarako. Azken ordukoak, saioetako jakinarazpenak eta norberaren zerrenda egiteko aukera eskaintzen dituzte.

  • Pertsona bat EITB Albisteak aplikazioari begira

    EITB Albisteak aplikazioa. Argazkia: EITB Media

EITB Albisteak eta EITB Nahieran EITBren bi aplikazio mugikor berriek 100.000 erabiltzaile bakarren langa gainditu dute. Joan den martxoaren 3an aurkeztu zituen EITBk bi app berriak, orain arteko aplikazio orokorra ordezkatuz. Horrela, EITB Albisteak eta EITB Nahieran app berriekin iOS eta Android gailuetan bere edukiak berritu eta indartu ditu EITB Mediak, smartphoneetarako zein tabletetarako. Apustu berri honek, gainera, oso harrera beroa izan du publikoaren artean, eta jada 100.000 erabiltzaile bakarren marka gainditu dute app berriek hilabete eta erdian. Zehazki, EITB Albisteak aplikazioak 56.000 erabiltzaile bakar lortu ditu, eta EITB Nahieran app-ak, berriz, 47.000.

Albisteen aplikazio berria Play Store (EITB Albisteak) eta Apple Store (EITB Albisteak) plataformetan dago eskuragarri. Orain arteko aplikazioa (EITB) deskargatuta duten erabiltzaileen kasuan, horiek eguneratu eta albisteen aplikazio berria instalatzen zaie. Nahierako edukien aplikazioa izateko, berriz, EITB Nahieran aplikazio berria deskargatu behar da kasu guztietan, iOS (EITB Nahieran) eta Android (EITB Nahieran) sistemetarako.

Azken albisteak, saioetako jakinarazpenak eta zerrenda pertsonalizatuak

EITBren bi aplikazio berriek euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dituzte edukiak, eta erabiltzaileen esperientzia lehenetsi dute. Horrela, nabigazio erraza eta azkarra eskaintzen dute, eta diseinu oso atsegina dute. Gainera, EITB Albisteak aplikazioan, azken ordukoak jasotzeko aukera dago, eta EITB Nahieran aplikazioan, irrati zein telebista saioetako edukiei buruzko jakinarazpenak izateko harpidetza egiteko modua.

Aplikazio batean zein bestean, munduko edozein tokitatik entzun daitezke taldeko sei irratiak zuzenean: Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EITB Musika eta Euskal Kantak. Halaber, ETB1, ETB2 eta EITB Basque nazioarteko kanala daude ikusgai.

EITB Albisteak aplikazioak berri nagusiak eskaintzen ditu atarian, atalka, eta edukien artean, kirol esparrukoak, eguraldikoak eta informazio korporatiboa topa daitezke, formatu askotan: testuak, audioak, bideoak eta argazkiak. Era berean, telebistan emandako azken albistegia ikus daiteke ("Gaur Egun" zein "Teleberri") eta gaurkotasuneko ekitaldien zuzeneko bereziak.

EITB Nahieran aplikazioan, euskal komunikazio taldeko irrati eta telebista saio guztiak ikus eta entzun daitezke. Nire zerrenda ere egin daiteke, erabiltzaile bakoitzaren irrati eta telebista programa gogokoenen hautaketa pertsonalizatua, hain zuzen.

Telebistako edukiek bilatzaile bat dute, eta hizkuntzaren eta generoaren arabera daude sailkatuta: filmak, telesailak, albistegiak, kirolak, kultura, musika, umorea, dibulgazioa, dokumentalak... Irratiko edukiak, aldiz, irratiaren eta programaren arabera daude antolatuta.

Guztira, bost aplikazio

Bi aplikazio berriez gain, EITBk iOS eta Android gailu mugikorretarako beste hiru aplikazio ditu: Gaztea (Play Store eta Apple Store), gazteentzat; 3kluba (HIRU3) (Play Store eta Apple Store), haurrentzat; eta Go!azen EITB (Play Store eta Apple Store), telesaila jarraitzen duten haur eta gazteentzat.