Itxi

EITB TALDEA

M8 Batzen gaituzten emozioak

M8arekin bat egingo du EITBk

EITB Media

Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruko eduki eta programazio berezia eskainiko dute Euskal Telebistak, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak, Gazteak eta eitb.eus-ek, kirolean foko berezia jarriz.

0:13
EITBren leloa M8 dela eta

Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, EITB Taldeko hedabideek gaur, martxoak 8, egingo diren mobilizazio eta aldarrikapenak bertatik bertara jasoko dituzte. Euskal Telebistak, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak, Gazteak eta eitb.eus-ek zuzenean jarraituko dituzten emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde Euskal Herrian barrena egingo diren ekimen nagusiak elkarrizketa eta eduki berezien bitartez.

Aurten, gainera, EITB kirolaren munduari arreta berezia eskaintzen ari da martxoaren 4tik aurrera, emakume kirolariek euren lorpenak aitortzeko dituzten oztopo eta zailtasunei ikusgarritasuna emanez. Gure gizartearen esparru ezberdinetan presente dauden estereotipoek, hizkuntzak eta genero-rolek gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak mantendu eta egoera bidegabeak iraunarazten dituzte. Errealitate hori bereziki nabarmena da kirolean eta honen komunikazioan. Egoera honi ikusgarritasuna emateko, EITBk euskal kirolariei ahotsa eta tartea emango die hedabide guztietan, Berdintasuna da helmuga / La igualdad es la meta lelopean. Bide honetan,  EITBk zeregin aktiboa hartzen du prestakuntza eta eraldaketa sozialeko eragile gisa, eta desberdintasunari eusten dioten eta gizartearen aniztasuna ezkutatzen duten jokabideen haustura bultzatzea du helburu.

Emakumea kirolean: programazio berezia

Eliteko euskal kirolariak eta kiroleko alor ezberdinetan lan egiten duten emakumeak izango dira protagonista EITBko hedabide eta saio ezberdinetan, martxoaren 4tik gaur arte luzatuko den programazio berezian.

"Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietan neskatilek kirolarekin duten harremanaz arituko dira. Halaber, Kirolak tartean hainbat kirolari profesional izango dituzte gonbidatu, horien artean: Nahia Quincoces eta Igone Campos eskiatzaileak, Gatikako Iusturi Hockey taldeko kideak, Erika Vazquez eta Eli Ibarra futbolariak, Lierni Osa harri-jasotzailea eta Made Urieta eta Azu Muguruza saskibaloi entrenatzaileak.

Bestalde, "En Jake", "Biba Zuek!" eta "Nos Echamos a la Calle" eguneroko saioek emakumezkoen kirola izango dute hizpide, joan den larunbateko "Oholtzan" saioak Emakume okerrak ikuskizuna eskaini du, eta "La Noche de…"k, berriz, 7 minutos filma emango du gaur.

Euskadi Irratian, Maitane Urbietak bi solasaldi gidatuko ditu: lehenengoak emakumeak eta kazetaritza izango du ardatz, Ane Urkiri eta Nagore Odriozola kazetariekin; bigarrena emakumeen kirol antolaketari buruzkoa izango da, Garbiñe Etxeberria Realeko emakumeen taldeko kirol zuzendariarekin eta Ainhoa Etxabe Gipuzkoako Herri Kirolak Federazioko presidentearekin. Bestalde, "Faktoria" saioa Durangotik egingo dute gaur, eta herriko errugbi taldeko jokalariak eta entrenatzaileak izango dituzte gonbidatu, besteak beste.

Radio Euskadin, eliteko gizonezkoen taldeen aurrean dauden emakume entrenatzaileei buruz mintzatuko dira Natalia Arroyo (Real Sociedad), Iraia Iturregi (Athletic Club) eta Ana Junyent (Eibar), eta zuzendaritza karguetan dabiltzan emakumeei ere erreparatuko diete. "Boulevard" saioak emakumeak eta futbola gaia aztertuko du.

Radio Vitorian, egokitutako kirola, kirol ekitaldien antolakuntza eta nazioarteko egoera landuko dute emakumearen ikuspuntutik. Besteak beste, Maria Ortiz de Pinedo D.A. Gloriosas taldeko kapitaina, Agurtzane Egiluz Zuzenak taldeko jokalaria eta 2021eko Joko Paralimpikoetan parte-hartzalea eta Maria Ascasso esgrima jokalaria izango dituzte protagonista.

Eduki guztiak eitb.eus-ek M8rako propio prestatu duen webgune berezian izango dira eskuragai. 

EITBPodkast atariak, bere aldetik, emakumeek egindako eta emakumeei buruzkoak diren podcastak nabarmenduko ditu, horien artean: "Lokatza", aurtengo Ondas sariaren irabazlea; "Irabazi Arte", emakume kirolariak protagonista dituena; África Baetaren "Gente Bonita"; Eneritz Gorrotxategik gidatutako "Hitza Jolas" bertsolaritzari buruzkoa; eta "Yoko Ona" emakumeak eta musika hizpide hartzen dituena. Halaber, Uxue Alberdiren Jenisjoplin eta Eider Rodriguezen Bihotz handiegiak audioliburuak izango dira eskuragai.

Kirolariekin solasaldia, EITBko Bilboko egoitzan, martxoak 7

Atzo, ekitaldi berezia eskaini zuen EITBk Berdintasuna da helmuga lelopean, Bilboko egoitzako Multibox aretoan. Ana Ramos kazetariak gidatutako solasaldian parte hartu zuten: Maria Asun Quiñones Athletic Clubeko jokalariak, Olatz Arrizabalaga pilotariaK, Andrea Asturdillo Arraun Lagunak taldeko patroiak eta Ainhoa Etxabe Gipuzkoako Herri Kirolak Federazioaren presidenteak.