Itxi

EITB TALDEA

Batzen gaituzten emozioak

Zinemaldiaren 70. edizioarekin bat egin eta bere onena emango du beste behin EITBk

EITB Media

Euskal Zinema Gala antolatuko du estreinakoz EITBk, eta lehen aldiz eskainiko du ETB1en, irailaren 20an, Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak aurkeztuta. Irailaren 21ean 'Kepa Junkera Berpiztu' dokumentalaren aurrestreinaldia egingo da EITB Galan.

  • Zinemaldiko kartela

    Zinemaldiko kartela

2022ko irailaren 16tik 24ra bitartean egingo da Donostia Zinemaldiaren 70. edizioa eta, aurten ere, jaialdiarekin bat egin eta bere onena emango du EITBk. Zinemaldiko kolaboratzaile eta babesle nabarmena izateaz gain, presentzia garrantzitsua izango du EITBk Donostiako zinema jaialdian, eta jarraipen zabala egingo dio bere medioetan bertan gertatzen den guztiari.

Hala, urtero bezala, EITBk zuzenean eskaini du Zinemaldiaren inaugurazioa, eta ETB1en eta eitb.eus-en emango du, zuzenean ere, itxiera gala (irailak 24, 21:00etan).  Donostia Sarien banaketa ekitaldiak ikusteko aukera ere egongo da. Juliette Binoche aktoreak golardoa jaso ostean, irailaren 21ean 22:30ean David Cronenbergek jasoko du Donostia Saria, eta ETB4n eta eitb.eus-en izango da ikusgai.

Gainera, edizio honetan, pausu bat aurrera eman nahi izan du EITBk, eta Euskal Zinema Galaren antolatzaile eta ekoizle izango da. Hala, aurten estreinakoz, ETB1en eskainiko da gala, irailaren 20an, 22:30ean. Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak aurkeztuko dute eta, ekitaldi horretan banatuko dira aurtengo Zinemira Saria eta Euskal Gidoilarien Elkarteen Saria. Izaro musikariak ere parte hartuko du.

Kepa Junkera Berpiztu dokumentalaren aurrestreinaldia, EITB Galan

Kepa Junkera trikitilari ezagunaren memoria eta lana berreskuratzeko Kepa Junkera Berpiztu film dokumentalaren aurrestreinaldia eskainiko du EITBk. Irailaren 21ean Donostiako Victoria Eugenia Antzokian egingo den EITB Galan izango da, 19:30ean.

EITBren partaidetza du filmak eta, Fermin Aiok zuzenduta, Bilboko musikariaren ibilbidea bilduko du, 2018an iktus bat izan ondoren eten behar izan zuen ibilbide oparoa.

2018ko abenduaren 6an, Kepa Junkera eszenatokitik atera zen Ganten (Belgika). Desagertu egin zen, eskusoinua jotzeari utzi zion. Albisteek iktus bat aipatzen zuten, larrialdi-ospitaleratze bat, sendatze-prozesu bat, baina horren ondoren, ezer ez. Trikitixa eta euskal musika herrikoia maila gorenera igo zituen euskal artista, 32 urteko ibilbidean ia disko bat argitaratu zuena urtean, munduko euskal musikari ospetsuen bihurtu eta mundu osoko artistak euskaraz abestera animatu zituen autodidakta, arrastorik utzi gabe desagertu zen. Gero, bi urteko lan gogorra etorri zen: errehabilitazio latza, gorputzaren mugikortasuna berreskuratzeko, hitz egiten ikasteko, eskuak mugitzeko, burua biratzeko, jateko, bizitzen jarraitzeko. Izan ere, Kepak bizitzen eta sortzen jarraitzen du, arte, musika, poesia, pintura eta argazkigintzarekin hunkitzen. Emozio horren kontakizuna da dokumental hau.

Besteak beste, Junkeraren adiskide hauen lekukotasunak bildu dituzte: Ara Malikian, Santiago Auserón, Pablo Milanés, Pedro Guerra, Estrella Morente, Dulce Pontes, Joseba Tapia, Ibon Koteron, Motriku eta Sorgiñak taldea.

Jarraipen zabala eta set berezia Kursaaleko terrazan

Aurreko edizioetan bezala, EITBk presentzia nabarmena izango du Donostiako zinema jaialdian, eta jarraipen zabala egingo dio bere medio eta leiho guztietan bertan gertatzen den guztiari. Hala, jada ohikoa denez, ekitaldi nagusiek oihartzun eta tarte zabala izango dute ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian, Gaztean eta eitb.eus-en, eta ahalegin berezia egingo dute Zinemaldiaren berri emateko.

ETBko informatiboek tarte zabala eskainiko diote Zinemaldiari, zuzenekoekin, erreportajeekin, elkarrizketekin eta kronikekin. Kazetari eta teknikari talde handi batek jarraituko du Zinemaldia bederatzi egunez eta, irailaren 16an zuzenean egin zituzten Donostiatik gaueko ''Gaur Egun'' eta ''Teleberri'' albistegiak. Victoria Eugenia Antzokiko terrazatik emititu ziren bi albistegiak, Nerea Reparazekin eta Juan Carlos Etxeberriarekin.

Gainera, aurten estreinakoz, EITBk set berezia izango du Kursaaleko terrazan, bertatik zuzeneko konexioak eta saioak egiteko. Zehazki, arratsaldeko ''Biba Zuek!'' (ETB1), ''Hitzokei'' (ETB1) eta ''Nos Echamos a la Calle'' (ETB2) programek saio bereziak egingo dituzte  bertan astean zehar. Hala, ''Biba Zuek!'' Kursaaleko terrazatik emitituko da irailaren 19an (astelehena) eta 20an (asteartea), euskal zinemari arreta berezia jarrita (gonbidatuen artean Telmo Irureta eta Fermin Muguruza izango dituzte). ETB1eko ''Hitzokei'' saio berria Kursaalen izango da, hilaren 21ean, asteazkenean. ''Nos Echamos a la Calle'' ETB2ko programa, berriz, espazio horretarik egingo dute asteazken eta ostegunean. Hala, EITBren, zinema eta telebista munduaren eta publikoaren arteko elkargune bihurtuko da set berezi hori.

Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gazteak Zinemaldia izango dute ardatz nagusi programazioan, eta elkarrizketak, erreportajeak, pelikulen analisia eta ekitaldi guztien kronikak bilduko dituzte albistegi eta eguneroko saioetan.

Hala, Euskadi Irratian egunero arituko dira Zinemaldiaz albistegi eta programa nagusietan: "Faktoria" programan (10:30ean), "Kultur Leihoa" kultur albistegi nagusian (14:30ean) eta "Baipasa" saioan (16:30ean). Sail ofizialaz gain, beste sailetan zer ikusi eta Zinemaldiak Donostian zer isla duen kontatuko dute egunero; eta, ohi bezala, aditu eta kolaboratzaileak izango dituzte horretarako: Arkaitz Basterra zinemagilea, Begoña del Teso zinema kritikoa eta Paula Olaz musikagilea.

Radio Euskadiko programazioan ere tarte nabarmena izango du egunero Zinemaldiak. Eguneko kronikak, erreportaje bereziak eta protagonistei elkarrizketak egiteaz arduratuko da kazetari lantaldea bertatik. Halaber, Felix Linares EITBko kazetari eta kritikoak bere kronikak ekarriko ditu egunean zehar "Boulevard", "Kultura.eus", "Distrito Euskadi" eta "Más Que Palabras" irratsaioetara.

Aurten, berrikuntza gisa, Gazteak 70. Zinemaldiaren jarraipen berezia egingo du Twitch bidez. Donostiako zinemaren festako ekitaldi nagusiak jarraituko dituzte, Ibon Fernandezen eskutik, Gaztearen Twitch kanalaren estreinaldian. Orotara, zuzeneko hiru saio izango dira: Zinemaldiaren irekiera, Euskal Zinemaren Gala eta itxiera ekitaldia. Horien guztien berri emateko, hainbat gonbidatu izango ditu Ibon Fernandezek, Tabakalerako 2deorekin egindako elkarlanean.

eitb.eus-ek gune berezia eskainiko dio jaialdiari, eta streamingez emango ditu ekitaldi berezienak, tartean galak. Albiste, argazki eta bideoekin batera, Felix Linaresen eta Arkaitz Basterraren bideokronikak izango dute, eta arreta berezia jarriko diote euskal zinemari eta EITBren parte hartzea duten pelikulei, elkarrizketekin.

EITBren parte hartzea, 11 euskal ekoizpenetan

Urtero bezala,euskal zinemarekiko konpromiso sendoa erakutsi du EITBk eta, sektorearekiko aliantzari eta etengabeko lanari esker, aurten ere Donostia Zinemaldiko hainbat sailetan proiektatuko diren 11 euskal produkziotan parte hartu du. Honako hauek dira: El vasco, Gesto, Cinco lobitos, 918 gau, Kepa Junkera Berpiztu, Suro, La consagración de la primavera, A los libros y a las mujeres canto, Hirugarren koadernoa, Cuerdas eta Black is beltza II: Ainhoa. Hala, New Directors, Zabaltegi, Belodromoa, Zinemira… Zinemaldiko ia sail guztietan izango dira EITBren partehartzea duten lanak, eta horietako bi, gainera, Sail Ofizialean lehiatuko dira: Suro eta La consagración de la primavera.

Halaber, Zinemira Kimuak atalean eskainiko diren zazpi film laburrek EITBren partaidetza izango dute, Euskal Irrati Telebistak zinemagile berriekin duen konpromisoari eutsiz.

Beste behin ere, Zinemirak agerian utzi du euskal ikus-entzunezko sektorearen indarra eta lehiakortasuna. Euskal zinemari berariaz eskainitako saila da Zinemira, eta Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatzen dute, besteak beste, EITBren babesarekin.

2022ko Zinemaldiari lotuta, EITBk lan-gosaria antolatu du plataforma digitalekin eta euskal ikus-entzunezko ekoizleen ordezkariekin, Euskal Irrati Telebistak eta ikus-entzunezko euskal sektoreak euskal produkzio independentea sendotzeko ekainean sinatutako lankidetza-akordioa aurkezteko.