Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

25. urteurrena

"Teknopolis" telebista saioak 25 urte

EITB MEDIA

Urteurrena ospatzeko, ekitaldia egin da astearte honetan EITBko Multibox aretoan; eta, martxoaren 10eko asteburuan, programa berezia emango da telebistan. Teknopolis Europako Espazio Agentzian izan da, Alemaniako Darmstadt hiriko ESOC zentroan, 25. urteurreneko programa berezia grabatzen.

0:00

Elhuyarrek eta EITBk ekoizten duten "Teknopolis" saioak 25 urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko, ekitaldia egin da astearte honetan, martxoak 5, EITBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan. Horrez gain, programa berezia izango da martxoaren 10eko asteburuan, begiak eta oinak espazioan jarri baitituzte urteurreneko saioa egiteko.

"Teknopolis" aitzindaria izan da zientzia telebistara eramaten euskaraz, genero-ikuspegia txertatzen eta dibertsitateak dakarren aberastasuna islatzen. Orain ere, 25. urteurrenean, aitzindaria da, Europako Espazio Agentzian izan baita, misio zientifikoak kontrolatzen diren gunean, Alemaniako Darmastadt hiriko ESOC zentroan.

Unibertsoaren esplorazioa da ESAren egiteko nagusia, eta bertan hainbat euskal zientzialarik lan egiten dute. "Teknopolis"ek haien bizipenak jaso ditu 25. urteurreneko saio berezian.

Ignacio Tanco Rossetta misioa jaurtitzeko lanak egiteko iritsi zen ESAra. Rossetta ESAren misio arrakastatsuenetako bat izan da. Orain Juice misioaren arduraduna da. Juice 2023ko apirilean jaurti zuten, eta Jupiterren ilargi izoztuak ikertzera doa, izotzaren azpian ura aurkitzeko esperantzarekin.

Libe Jauregik eta Ander Martinez de Albenizek misioen ibilbideak kalkulatzen dituzte; hau da, jaurtitako sateliteek nondik nora ibili behar duten erabakitzen dute, espazioaren handitasunean ez galtzeko eta daramaten erregaiari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Talde-lanari esker, Juice bere helburura iritsi ahal izango da Lurretik 590 milioi kilometrora, gutxi gorabehera.

Mikel Cataniak, berriz, EUMETSATen egiten du lan, Darmstadt-en bertan. Meteorologiari, klimari eta ingumenari eskainitako Europako erakundean, Cataniak Lurraren inguruan biraka dabiltzan sateliteak gidatzen ditu; besteak beste, Sentinel konstelaziokoak. Copernicus programako sateliteak dira, eta Lurra behatzea dute egitekoa.

25. urteurreneko saio bereziaren irudia.

25. urteurreneko saio bereziaren irudia.

Puntako euskal zientzialari horien lana ezagutzeaz gain, etorkizunari nola begiratzen dioten ikusiko dugu asteburuko saioan: larunbatetan 13:30ean ETB1en eta igandeetan 12:00etan ETB2n.

"Teknopolis" programak 25 urte

1999ko otsailean eman zen lehenengo aldiz "Teknopolis" Euskal Telebistan. Eta, hasi, espazioaren esplorazioari eskainitako saio batekin hasi zen. 25 urteren ondoren espazioari begira jarraitzen du, espazioari begiratzea etorkizunari begiratzea baita.

25 urte hauetan askoz gai gehiago izan dira programan. Saioari tokatu saio azaltzea Internet zer den, GPSak nola funtzionatzen duen, klonazioa, antibiotikoei erresistentzia dieten bakterioen arazoa, lindanoa, minbiziaren tratamenduak nola hobetu diren eta, nola ez, koronabirusaren pandemiari buruzkoak. Urte hauetan guztietan auto elektrikoek ikaragarri eboluzionatu dute, eta kalean ikusten ditugu; telefono mugikor bat dugu orain poltsikoan, eta hori gabe ezin bizi… eta zer esan klima-aldaketaz! Ikertzaileen datuetatik ateratako probabilitate bat zen, iragarpen hutsa zirudien eta dagoeneko hasi gara haren ondorioak ikusten.

Zientzia, ikerketa eta zientzialariak dira "Teknopolis"en oinarria. 25 urte hauetan, 3.000 euskal ikertzaile inguru izan dira programan, 750 saiotik gora eman dira (1.500 saio baino gehiago berez, euskaraz eta gaztelaniaz programa bana izaten baita astean). Teknopolisek zientziaren historiaren zati bat jaso du, 42.000 minutuan biltzen dena; esan daiteke zientziari buruzko liburutegi erraldoi bat dela.

Jasotako sariak ere ez dira gutxi izan. 2010ean, Euroscience Foundation-en "Popular Science TV Award" saria jaso zuen. 2012an, "Bizia laborategian ernaltzen denean" monografikoak Asebio-Genoma Lehiaketako lehen saria jaso zuen. Bi aldiz jaso du Euskadiko Ingurumen Kazetaritza Saria. Eta, azkeneko urteetan, aipamen bereziak eta sariak are gehiago ugaritu dira. Adibidez, 2022ko Accenture saria jaso zuen, eta hainbat aldiz izan da finalista Boehringer-Inggelheim sarietan eta Foro Transfierek antolatzen dituenetan. 

'Teknopolis'

'Teknopolis'

Elhuyarren eta EITBren arteko lankidetzak eman du "Teknopolis" 25 urtez pantailan ikusteko aukera. Ezinbestekoa da, beraz, lankidetza luze hori nabarmentzea, bai eta babesle eta lankide diren erakunde guztien laguntza azpimarratzea ere, asko izan baitira urte hauetan guztietan. Une honetan, zehazki hauek dira saioaren babesleak: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila eta Hezkuntza Saila, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, TKNIKA Lanbide Heziketari aplikatutako ikerketa eta berrikuntzako zentroa, eta BRTA Euskadiko Ikerketa eta Teknologia Aliantza.

"Teknopolis"en lehen programa EITB Nahieranen ikusgai dago