Itxi

hauteskundeak

hauteskundeak

hauteskundeak

EAE-KO HAUTESKUNDEAK

Hauteskunde-mahaian egon behar al dut?

Erredakzioa

Hauteskundeetan mahaikide izateko aukeratuak izan direnek ostegunetik aurrera jasoko dute horren berri.

  • Boto kutxa. EFE.

    Boto kutxa. EFE.

23.000 lagunek baino gehiagok (7.700 titular eta 15.500 ordezko) osatuko dituzte datorren irailaren 25eko hauteskunde autonomikoetako hauteskunde-mahaiak. EAEn erroldatuta dagoen eta irakurtzen eta idazten dakien 70 urtetik beherako edozein herritarrek jaso dezake hauteskunde-mahai bat titular edo ordezko gisa osatzeko deia, abuztuaren azken egunetan egingo diren zozketetan hautatuz gero.

Abuztuaren 27a eta 31 bitartean egingo dituzte zozketak, udaletxeetan, eskualdeko hauteskunde-batzordeek gainbegiratuta, eta datorren irailaren 25ean hauteskunde-mahaiak osatuko dituzten 23.000 herritarrak hautatuko dituzte zozketa horietan.

Udalerrian erroldatutako pertsona guztien artean zozketa bidez izendatutako lehendakari batek eta bi bokalek osatuko dute mahai bakoitza. Zozketa berean, mahaiko kide bakoitzaren bi ordezko ere izendatuko dira.

Izendapena hurrengo hiru egunetan jakinaraziko diete zozketa horietan hautatzen dituztenei. Jakinarazpenarekin batera, bakoitzak mahaian beteko dituen eginkizunak azaltzen dituen eskuliburu bat emango zaie, Eusko Jaurlaritzak egin eta hauteskunde-administrazioak gainbegiratu duen lana.

Hauteskunde hauetan, 2.593 mahai egongo dira guztira, 720 hauteslekutan banatuta. Lurraldez lurralde, 413 mahai egongo dira Araban, 101 hauteslekutan; 1.343 mahai egongo dira Bizkaian, 338 hauteslekutan; eta 837 egongo dira Gipuzkoan, 281 hauteslekutan.

2012ko hauteskunde autonomikoetan 2.778 mahai egon ziren. Aurten, baina, 185 mahai gutxiago egongo dira, eta, hortaz, 2.000 lagun gutxiagok jasoko dute mahaikide izateko deia.

Lehendakari eta bokal karguak, eta horien ordezkoenak, nahitaezkoak dira, eta erroldan erregistratuta dauden eta zozketa bidez horretarako izendatzen dituzten herritar guztiek onartu behar dituzte.

Hauteskunde-legeak aintzat hartzen du kasu jakin batzuetan betebehar horretatik salbuesteko aukera, horretarako arrazoi justifikatua eta dokumentatua badago. Hauek salbuetsi daitezke:

  • Gaixorik edo ospitalean dauden pertsonak.
  • Hauteskunde-barrutitik kanpo bizi direnak.
  • Ontziratutako langileak.
  • Legean xedatutakoaren arabera hautaezinak diren pertsonak.
  • Seigarren hilabetetik aurrerako haurdunaldian dauden emakumeak eta amatasun-atsedenaldian daudenak.
  • Bederatzi hilabete bete arte haurra edoskitzen ari direnak.
  • Hirurogeita bost urte edo gehiago dituzten pertsonak.

Bestalde, mahaikide hautatu dituzten gorrek, nahi izanez gero, zeinu-mintzairaren interprete baten laguntza izan dezakete mahaia osatzeko. Horretarako, harremanetan jarri beharko dute dagokien eskualdeko hauteskunde-batzordearekin.

Azkenik, hauteskunde-mahaietako presidenteek edo bokalek, pertsonako, 75 euroko dieta jasoko dute. Gainera, Gizarte Segurantzaren estaldura izango dute, eta eginkizun horiek betetzen ari diren bitartean istripurik izanez gero, babestuta egongo dira.