Itxi

Herriak eta Hiriak

Azaroaren 10tik 17ra

Zinebik azaroaren 10ean inauguratuko du bere 59. edizioa

N.B. | Erredakzioa

Alberto Iglesias musikagile donostiarra eta Marco Bellocchi zuzendari italiarra omenduko ditu Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak.

1:13

Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia azaroaren 10ean abiatuko du 59. edizioa, Zinebi lehiaketara aurkeztu diren euskal film laburren emanaldiekin eta Alberto Iglesias musikagile donostiarrari emango zaion Ohorezko Mikeldia emateko ekitaldiarekin.

Edizio honetako Ohorezko bigarren Mikeldi saria Marco Bellocchio zinemagile italiarrari emango zaio, Europako zinema garaikidearen zuzendari handienetako baten filmografia luzea aintzatesteko. Bellocchiok azaroaren 17an hartuko du saria, jaialdiaren amaiera ekitaldian. Horrez gain, ekitaldi horretan bertan horren azken film laburra eskainiko da: Per una rosa (2017).

32 herrialdetako 62 filmek hartuko dute parte Sekzio Ofizialean, lehiaketako hiru generoetako (fikzioa, dokumentala eta animazioa) Urrezko eta Zilarrezko Mikeldi sariak lortzeko borrokan. Estatuko 16 lan daude lehiaketarako aukeratu diren filmen artean, eta horietako sei euskal zinemagileek egin dituzte:

-Plagan, Koldo Almandoz (dokumentala)

-Una sinfonía en silencio (Cicha Symfonia), Aitor Gametxo (dokumentala)

-Lo-ibiltariak, Iñigo Salaberria (dokumentala)

-Areka, Begoña Vicario (animazioa)

-Aprieta, pero raramente ahoga, David Pérez Sañudo (fikzioa)

-Zacarias, Violeta Trincado (fikzioa)

Zinebik, azaroaren 10ean, 20:00etan, zabalduko ditu bere ateak Arriaga Antzokian. Hala ere, proiekzioen egoitza nagusia Azkuna Zentroa (Golem zine-aretoak) izango da, baina saio berezi batzuk, besteak beste, Campos Antzokian, Guggenheim Museoaren auditorioan eta Kale nagusiko BBK Aretoan egingo dira.

Zinebi First Film saria

Zinemagile berrien bederatzi opera prima lehiatuko dira Jaialdiaren hurrengo edizioan, iaz inauguratu zen eta fikzio, dokumental eta animazio generoko film luzeei zabalik dagoen Zinebi First Film (ZIFF) sekzioaren barruan. Aukeratutako bederatzi lanak zinemaldi garrantzitsuenetatik igaro dira, Locarnotik, Cannesetik, Berlindik, Veneziatik edo Sundancetik, besteak beste, eta horietako zortzi Zinebin estreinatuko dira Estatuan.

Silvano Agosti idazle, zinemagile eta banatzaile italiarra, 2009tik Uruguaiko Nazioarteko Zinemaldiaren zuzendaria den Alejandra Trelles eta Haritz Zubillaga zinemagile bilbotarra izango dira Zinebi First Filmeko film onena aukeratuko duen epaimahaiko kideak.

Munduko dokumentalak

Lehiaketatik kanpoko "Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama" atalak, dokumental egile handien azken garaiko bederatzi ekoizpen lan ikusteko aukera eskainiko digu, horietako batzuen estreinaldia izango da Estatuan, Locarnoko Zinemaldiko Urrezko Lehoinabarra irabazi duen Wang Bing zinemagile txinatarraren Mrs. Fang edo Nancy Buirski zinemagile estatubatuarraren The Rape of Recy Taylor, besteak beste.

Bestalde, "Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi" sekzioan, Zinebi 59k azken garaian, antzinako gaien harira egindako zortzi euskal ekoizpen lani eskainiko die arreta (sei dokumental eta fikzio bi), eta horien artean dago Alvaro Fierrok eta Ibon Ibarluzeak zuzendu duten eta Zinebiren lankidetza duen Atrapados por la serpiente proiektuaren estreinaldia, Cancer Moon Bilboko rock taldeari buruzkoa.

Emanaldi bereziak

Emanaldi berezien artean azpimarratzekoa da Bilbao Sinfonía, Aránzazu Calleja konposatzaile eta biolin-jotzaileak eta Alvaro Segovia gitarrista eta pianistak zuzenean interpretatuko duten musika duen ikus-entzunezko poema. Zinebiren ekoizpen propioa duen eta performance izaera markatua duen lan horren abiapuntua Juan Ortuostek eta Javier Rebollok 1987an zuzendu zuten triptikoa da, eta hiriak azken 30 urteetan izan dituen hirigintza, kultura eta gizarte arloko eraldaketak erakusten ditu.

Epaimahaia

Ivan Arguello Nikaraguako zinemagileak, Guadalupe Echevarria artistak, bideo-artearen arloan Euskadiko aitzindarietakoak, Renata Gasiorowska animaziozko zinemagile poloniarrak, Lola Mayo gidoilari eta ekoizleak eta Peter Suschitzky argazki zuzendari britainiarrak osatuko dute Nazioarteko Epaimahaia.