Herriak eta Hiriak
Ekainaren 20tik 30era
'Bilbao Bizkaia PRIDE' ekimenaren laugarren edizioa ospatuko dute Bilbon
eitb.eus
Sexu eta afektibitate aniztasuna ez ezik, herritarrek mundu osoko LGTB kolektiboetako pertsonen eskubidee aldeko elkartasuna aldarrikatu nahi dute aurtengo edizioan.
-
Bilbao Pride 2017
Bilbao Bizkaia Pride ekimenaren laugarren edizioa ospatuko dute Bilbon ekainaren 20tik 30era. Sentsibilizaziorako gizarte jarduerez gain, hiriko eta Bizkaia osoko sexu eta afektibitate aniztasuna ospatzeko ekitaldi artistiko eta kultural ugari antolatu dituzte.
Horrez gain, LGBT kolektiboetako pertsonen eskubideen berdintasuna ere eskatu nahi dute antolatzaileek, Bilboko eta Bizkaiko gizartearen izaera irekia, solidarioa eta inklusiboa agerian uzteko, 'Aniztasunaren alde nabigatu' lelopean.
Bestalde, Bilbo eta Bizkaia LGBT kolektiboarentzat eta haien familia zein lagunentzat erreferentzia eta erakargarri izan daitezen lortu nahi dute, eta oro har, Atlantikoko arku osoko herritarrentzat.
Orotariko 50 jarduera baino gehiago antolatu dituzte egitarauan: ekainaren 20tik aurrera 30 ekintza prestatu dituzte jaialdiaren barruan, eta beste 25 baino gehiago, "offPride" (jarduera ofizialen inguruan). Kultura, jolasak eta musika ez ezik, familia eta kirol arloko ekimenak ere izango dira.
Bilboko hainbat gunetan garatuko dute jaialdia: Erripa Kaian, Erriberako Zubian, Martzana Kaian, La Bolsa zentroan, Bidebarrieta Kulturgunean, Plaza Barrian, BBK Aretoan, Bizkaiko Juntetxeko erakusketa aretoan eta Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan, besteak beste.