Herriak eta Hiriak
Nafarroa
Euskararen estreinakoa, Tuterako jaien txupinazoan: 'Gora Santa Ana!'
Agentziak | Erredakzioa
Edurne Leon Erribera Intsumisoa elkarteko kideak ahotsa jarri du eguerdiko une gorenean, balkoian.
Tuterak zazpi eguneko festari hasiera eman dio gaur, Santa Ana zaindariaren omenez. Emakumeen kolektiboetako ordezkariak protagonistak izan dira txupinazoan. Pertsona guztiak “askatasunean dibertitzeko” jaiak aldarrikatu dituzte.
Edurne Leon Erribera Intsumisoa elkarteko kideak ahotsa jarri du eguerdiko une gorenean, Erlojuaren Etxeko balkoitik. Plaza lepo zegoen, zapi gorriekin eskuetan, lepotik lotzeko irrikan.
Leonek euskara erabili du, Santa Ana eta Tutera goratzeko. Natalia Galindo M8 Plataformako kideak eta Tere Lainez El Tazon de Santa Ana Emakumeen Elkarteko kideak Leon lagundu dute balkoian.
“Guztien artean prestatu dugun unea da, eta jaietan denok gozatzea nahi dugu, eta batez ere sexu-erasorik gabeko festak nahi ditugu”, azaldu du Leonek balkoira igo baino minutu batzuk lehenago.
Balkoi ondoko aretoan jende-mordoa izan da, erlojuak eguerdiko hamabiak jo baino ordu erdi lehenago; izan ere, txupinazoaren protagonistak bertan bildu dira, bertako eta Nafarroako agintariekin batera, Santa Anako jaiei ongietorria egiteko.
“Disfrutatzeko gogoak” zituela onartu du Eneko Larrarte Erriberako hiriburuaren alkateak. Festa “feminizatu eta feministarengatik” zoriondu da: “Zoragarria da”.
Uxue Barkos Nafarroako presidentea balkoian izan da. Astearte hau foru erkidegoko “jai egutegian egun handia” dela azpimarratu du Barkosek. Tuterako festa “kultura nafarraren jai ederrenetako, argienetako eta errotuenetako bat da”, erantsi duenez.
Erlojuaren Etxean Geroa Baiko alderdikideak, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea eta Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuaren ordezkaria izan dira.
Era berean, Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztietako ordezkariak bertan izan dira. UPN, PSN eta PPko buruzagiak egon dira. Patxi Yanguas (UPN) eta Iñaki Bernal (Ezkerra) senatari nafarrak eta Jesus Mari Fernandez (PSN) diputatuak ere bat egin dute.
Tuterako jaien egun handia osteguna izango da, Santa Anaren omenezko prozesioarekin. Festa uztailaren 30era arte luzatuko da. Foru plazan “Gaixoa ni” abestuko dute, jaiei amaiera emateko.