Euskadi Irratia
Brexita
Brexit-aren gaineko aste berezia, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin
EiTB
Bertan erabakitzen denaren berri emango digu bertatik zuzenean Mikel Rotaetxe lankideak. Halaber, Brexitak izango dituen hainbat ondorio aztertzeko erreportaje sorta berezia prestatu du.
-
Brexita
Erresuma Batuko etorkizuna nolakoa izango den jakiteko aste erabakiorra izango da martxoaren 11koa, Londongo parlamentuan erabakiko delako Brexitarekin aurrera jarraituko ote duten orain arte finkatutako epeetan, leundu egingo ote diren baldintzak, edo atzeratu egingo ote den Europar Batasunetik irteteko ezarritako eguna. Bertan erabakitzen denaren berri emango digu bertatik zuzenean Mikel Rotaetxe lankideak Euskadi Irratian eta Radio Euskadin. Halaber, Brexitak izango dituen hainbat ondorio aztertzeko erreportaje sorta berezia prestatuko du.
Ostegun honetan Doverko portuan jarriko dute fokua bi irratiek. Munduko merkataritzaren puntu garrantzitsuenetako bat da hauxe. Erresuma Batuko eta Europako Batasunaren arteko muga egiten du Ingalaterra hegoaldean, eta bertatik sartzen dira herrialdera iristen diren merkantzia gehienak. Egunero 10 mila kamioi pasatzen dira (urtero 2,1 milioi). Brexit gogorraren erruz, kamioi bakoitza bi minutuz geratuz gero (kontrolak egiteko), 20 kilometroko auto-pilaketak sortuko lirateke, esaterako. Eta kamioi bakoitza 40 minutuz geratuz gero, Erresuma Batuko errepide sarea kolapsatuko litzateke. Prestaketa lanak ari dira egiten portu honetan, beste inon baino gehiago. Paradoxa? Doverko herritarren Brexitaren alde bozkatu zutela erreferendumean. Herritarrekin eta portuko ordezkariekin hitz egingo du Mikel Rotaetxek.
Eskoziaren etorkizuna. Ipar Irlandaren antzera, Eskoziak ere Brexitaren aurka bozkatu zuen, baina honek ezin du ezer egin Batasunean geratzeko. Independentziari buruzko bigarren erreferenduma egitearen aldeko herritarrak geroz eta gehiago dira, inkesten arabera. Euren iritziak biltzearekin batera, Eskozian bertan izango lituzkeen ondorioak aztertuko ditugu. Besteak beste, bertako Whiski Elkarteko ordezkariekin izango dira, ezin ahaztuko baitugu Europara gehien esportatzen duen sektorea dela edari honena. Ostegunean izango dugu Eskoziaren gaineko erreportajea.
Ipar Irlandaz ari garela, ezin dugu alde batera utzi Brexitak bake-prozesuan ere izango duela ondoriorik. Batetik, muga fisiko bat ezartze hutsa Ostiral Santuko Akordioaren aurka doa, eta bestetik, Europatik inbertsio handiak egiten dira bake programetan. Igandean entzungo dugu bake prozesu honetan izango duen eraginaren gaineko erreportajea. Besteak beste, Seanna Walshekin izango dira. IRAko kide izan zen eta egun Sinn Féineko zinegotzia da. Lehen paramilitar unionista izandako eta egun bake proiektuak sustatzen dituen Tom Robinsonen hitzak ere entzungo ditugu. Horrez gain, gazte katoliko eta protestanteen bilkura batera joango dira, gazteen ikuspegia ezagutzeko. Kalean egindako elkarrizketetan antzeman ahalko dugu gizartea bera oso polarizatuta dagoela: Ipar Irlandan anti-Brexit dena oso anti-Brexit da, eta Brexitaren aldekoak direnak oso aldekoak.
Ipar eta Hego Irlandaren arteko muga. Brexitaren blokeoa ulertzeko ezinbestekoa da Ipar Irlandara joatea, bertan beste inon baino gehiago sufrituko dituztelako hausturaren ondorioak. Ipar Irlanda eta Irlandako errepublikaren arteko mugaldera joango da Rotaetxe, eta bertako herritar eta ordezkariekin hitz egiteko aukera izango du. Begi bistakoa da egun batetik bestera uhartean muga fisiko bat berrezartzeak ondorio nabarmenak izango lituzkeela, bai bertako ekonomian, merkataritzan eta baita jendearen bizimoduan ere. Ipar Irlandari estatus berezia eman nahi diote egoera konpontzeko, baina unionistak kontra daude, Erresuma Batutik bereizi eta Irlandaren bateratzea erraztu dezakeelakoan. Batzuetan eta besteen iritziak entzun ahal izango ditugu astelehenean eskainiko den erreportajean. Horretarako, Belcoo herrian izango dira, Ipar Irlandan dagoen herrixka da hauxe, baina 300 metrora, Blacklion dago, Irlandako Errepublikako lehen herria. Egun errekatxo bat da bien arteko muga fisiko bakarra. Etorkizunean ikusi behar, bestelako mugarik ere ezartzen ote den.
Asteartean bertan hasiko dira Parlamentuko bozketak, eta bertatik azken orduaren berri ematearekin batera, Londresen bertan herritarrek zein iritzi duten, eta hiriburuan bertan igarriko diren beste hainbat ondorioak azalduko dizkigu Mikel Rotaetxe lankideak. Brexitaren inguruko xehetasunak berezia izango den aste honetan Euskadi Irratian eta Radio Euskadin.