Albisteak
Ostegunean
Jon Azkue Jaurlaritzako Lan sailburuordea eta Mikel Reparaz kazetaria, 'Faktoria'n
ERREDAKZIOA | G.U.
Azkue sailburuordeak 09:30ean erantzungo die Maite Artolaren galderei. Gainera, AEBetatik egindako berriemaile lanak amaituta EHra itzuli berria den Mikel Reparaz 12:15 aldera izango dugu.
-
Mikel Reparaz, New Yorken
Jon Azkue Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea izango da ostegunean 'Faktoria' albistegiko gonbidatu nagusia. 09:30etik aurrera erantzungo die Maite Artolak egingo dizkion galderei. Bestalde, Mikel Reparaz kazetaria izango dugu magazinean. Amerikako Estatu Batuetatik itzuli da, hango berriemaile lanak bukatuta, eta bertako esperientzia eta aurrera begira dituen asmoak kontatuko dizkigu, 12:15 aldera.
07:00etan hasiko da saioa, Iñigo Alustizaren gidaritzapean. 07:50 aldera, Maite Artolak hartuko du lekukoa, eta Aingeru Epaltzaren sinadura entzungo dugu. 08:00etan, Niko Cuenca Ekonomia kontuetan adituak eztabaidatzen hasiko diren hipoteken erreforma legeari buruzko xehetasunak emango dizkigu. 08:30ean, Nerea Azurmendi, Martxelo Otamendi eta Joseba Arruti izango ditugu solasaldian, aktualitateari errepasoa egiten. 09:30 aldera hitz egingo dugu Azkue sailburuordearekin.
10:00etan, magazina jarriko du martxan Manu Etxezortuk. Hasteko, Mireia Roca arkitektoak futbol estadioak aztertuko ditu, eta, bereziki, Anoetakoaren handitzea. Ondoren, Bihotzez bihotzeko gaixotasunak dituzten haurren elkarteko Amaia Callejorekin hitz egingo dugu. Bihotzeko gaixotasuna duen ume baten ama ere bada. 10:30ean, Markos Zapiainek filosofiaren historia gaurkotuko digu.
11:00etako kirol aurrerapenaren ondoren, Mikel Chamizo musika konposatzaile eta kazetariren tartea izango dugu, eta, 11:30ean, Juanjo Sanmiguel lankideak Vietnam izango du hizpide, AEBek oraindik ez baitute trauma hura gainditu.
12:00etan, Kattalin Minerren burutazioak entzungo ditugu, eta, segidan, Mikel Reparaz elkarrizketatuko dugu. 12:30ean, berriz, Baskonia taldearen zale batekin hitz egingo dugu, Zuriñe Egiluzekin, Kanarietara joan baita Errege Kopako partida duelako han bere taldeak.
10:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.