Itxi

Albisteak

Ostegunean

'Faktoria' berezia, udari ongietorria emanez

ERREDAKZIOA | G.U.

Donostiako Miramar jauregitik egingo dugu albistegia. Magazinean, gainera, irrati-telebistaren etorkizunaz ariko gara plataforma berrien aroan.

Udan sartuko gara ostegun honetan, eta urtaroari eta eguzkiari modu berezian egingo dio ongietorria 'Faktoria'k. Irratia kalera atera eta itsasoari begira arituko da Maite Artola, Donostiako badia parez pare duela. Miramar jauregiko lorategitik zuzenduko du saioa. Bertan izango dira ostegunetako solaskide-kazetariak (Nerea Azurmendi, Martxelo Otamendi eta Joseba Arruti) eta Ibon Sarasola ere. Musikaren nazioarteko eguna izanik, bi egunak batzen dituen ekitaldiaz ere arituko gara: Et incarnatus orkestrak Urkizun egingo duen solstizio kontzertuaren berri emango dugu, musikarien entsegu-lekutik. Eguraldiari buruzkoak, berriz, Onintze Salazar EiTBko meteorologoari galdetuko dizkiogu.

07:00etan hasiko da albistegia, Iñigo Alustizaren gidaritzapean. 07:50 aldera, Maite Artolak hartuko du lekukoa Donostiako Miramar jauregitik. 08:30ean, Nerea Azurmendi, Martxelo Otamendi eta Joseba Arruti izango ditugu solasaldian, aktualitateari errepasoa egiten. Jarraian izango gara Et Incarnatusen entseguan, eta 09:15ean, Carmen Agues Udako ikastaroetako zuzendaria elkarrizketatuko dugu. Jarraian, Ibon Sarasolaren euskara aholkuak entzungo ditugu, eta, ondoren, Onintze Salazar meteorologoarekin hitz egingo dugu.

10:00etan, magazina jarriko du martxan Manu Etxezortuk. Hasteko, Mireia Roca arkitektoak Abbadia jauregiaz arituko zaigu. 10:30ean kalera irtengo gara, goizaldeko ordu txikietara arte zabalik dauden supermerkatuei buruzko inkesta egitera, eta, segidan, Europar Batasunaren eskutik Interrail bidaian doan Xabat Larrearekin hitz egingo dugu. Markos Zapiainek Filosofiaren historia gaurkotua ekarriko digu gero.

11:00etako kirol aurrerapenaren ondoren, Mikel Chamizo musika konposatzaile eta kazetariaren tartea izango dugu, eta musika klasikoaren eta futbolaren arteko loturari buruzko bigarren tartea osatuko digu. 11:30ean, Leticia Fuentes ETBko telekomunikazio ingeniaria irrati-telebistaren etorkizunaz ariko zaigu plataforma berrien aroan.

12:00etan, Marteko materia organikoa eta Psikosis filmari buruzko anekdotak ekarriko dizkigu Eneko Axpe 'Maisha'k. Ondoren, Unai Goikolearekin LGTBI harrotasun egunetako ospakizunak izango ditugu hizpide, oraindik leku askotan ospatu ezin duten guztiengatik ospatu beharreko egunak dira eta. 12:30ean, berriz, Azkena Rocki buruz ariko zaigu Joseina Etxeberria.

10:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.